Plazandreok plataformaren ekimenez, eta Donostia 2016 eta Tabakalerarekin elkarlanean, kultura feministaren Donostiako Feministaldia jaialdiaren XI. edizioa aurkeztu dute gaur. Plaza lelopean, mintzaldiak, mahai-inguruak, kontzertuak, eta baita ikus-entzunezko emanaldiak ere egingo dituzte datorren aste osoan.

feministaldia-zinea-eus-02

Historikoki emakumeei ukatutako espazioa izan da plaza, eta Feministaldiaren helburu nagusietako bat eremu hori berreskuratzea dela argitu dute gaur jaialdiko antolatzaileek. Kultura eta politika garaikidearen baitako adierazle ezberdinen bidez, ikuspegi feminista plazaratu nahi dute, eta horretarako, abenduaren 12tik 18ra, astelehenetik igandera, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute Donostian, jaialdiaren XI. edizioan.

Saioak Tabakaleran eta Donostiako Guardetxean egingo dituzte, eta gonbidatuen artean dira, besteak beste, Arremanitz kooperatibako Edurne Epelde Pagola eta Edurne Mendizabal kideak, Miriam Aleman Calatayud nerabeen LGTBIfobiaren aurkako Candela Elkarteko kidea, Silvia Federici ekonomia aditua eta Onintza Enbeita kazetari, bertsolari eta politikoa.

Ikus-entzunezko bi saio

Ikus-entzunezko emanaldiei dagokienez, bi saio egingo dituzte:

  • Abenduaren 16an, ostirala, 20:00etan: Gelen Jeleton artista eta ikerlari espainiarraren bideo-aukeraketa bat, Una Archiva del DIY. Zinema 1 aretoan.
  • Abenduaren 17an, larunbata, 18:00etan: Iratxe Fresneda irakasle eta zine adituarekin solasaldia, Irrintziaren oihartzunak bere dokumentala eta zine erbestealdiak aztergai. Z aretoan.

Egitarau osoa kontsultatzeko aukera duzue hemen.