Daniel Grenholm eta Lennart Olson kazetari suediarrek 1963an hainbat hilabete egin zituzten Euskal Herrian. Garaiko herritarren ohiturak eta egunerokoa jaso zituzten, eta Argibel Euba Ugarte etnologoak, EHUko Mikel Laboa Katedrari esker, dokumentu horiek topatu eta ikertu egin ditu, ostean, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak lanean argitaratzeko.

Euskararen Eguneko ekitaldien baitan, eta Durangoko Azokako areto nagusian eskaini dute berriki Euba Ugarteren ikerketa lana, Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak. Suediako SVT telebista kateak 1963an euskal kulturari buruzko osatutako bi dokumental ditu aztergai, eta lan horien eragina eta garrantzia ere ebaluatu ditu Euba Ugartek EHUren Mikel Laboa katedrari esker. Daniel Grenholm eta Lennart Olson egileen inguruko informazio sakona eta euskal gidekin batera egin zuten ibilbidea ere jaso ditu, gainera.

Euskal folkloreak (musika eta dantza tradizionalek, bereziki) liluratu zituen kazetari suediarrak; horregatik, Sakabi eta Egañazpi trikitilariak, Zumarragako Trikitixa, Leon Bilbao albokaria, Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaola Karakol senar-emazteak, eta Jose eta Jose Maria Zabalegi aita-semeak elkarrizketatu zituzten, besteak beste. Hala, euskal musikarien lekukotza zaharreak jaso zituzten, egun ez baitago erregistro horiek baino lehenagoko artxiborik.

Eubaren ikerketa Durangoko Azokan eskaini zuten hilaren 5ean, eta DVD-liburua ere eskuragai izan da bertan, EHUren standean, urteko 200 nobedadeen artean. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute, eta DVD euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ikus daiteke, azpitituluen bidez.