nocturnal_animals-zinea-eus-01Zuzendaria: Tom Ford

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Susan Morrow arte galeristak (Amy Adams) bere senar ohiak (Jake Gyllenhaal) bukatutako lehen liburuaren zirriborroa jasoko du etxean, ohar batekin: idazleak liburua irakur dezala eskatuko dio, eta hirian egun batzuk egongo dela jakinarazi, berarekin geratu nahi izanez gero gonbitea luzatuz. Urteak dira senar ohiaren berririk ez duela, eta harridurarekin jasoko du enkargua Susanek. Ezusteak ezuste, liburua irakurtzeari ekingo dio gau horretan bertan, eta, horrekin batera, iraganeko mamuak itzuliko dira bere bizitzara.

Fikzioa fikzioarekin uztartu du Tom Fordek, ahalik eta emaitza itogarriena gauzatzeko. Eta helburua ondo baino hobeto lortu du, irudiek eta soinu-bandak lagunduta, Amy Adams eta Jake Gyllenhaalen lan bikaina ahaztu gabe. Bigarren mailan, Michael Shannonek distira gehiago emango die interpretazioei, poliziaren larruan.

Korapilo bat sentitu dut hasiera-hasieratik, eta, askatu beharrean, handitzen joan da minutuak aurrera joan ahala. Zirrara deseroso bat sentitu dut lehen irudiekin, oraindik arriskuan ez nengoela jakin gabe. Hala, ikarak berehala egin du agerpena, ezintasuna eta amorruari atea irekitzeko. Oinazea ere azaldu da, tristura eta bakardadea bisitan etorri zaizkidan bezala.

Hain zuzen ere, zuzendari estatubatuarraren proposamenak sentimendu asko eragingo dizkio ikusleari; desatseginak den-denak, esperantzarako tarterik utzi gabe. Zinema aretoan sartu aurretik arnasa sakon hartu beharreko pelikula bat da, behin hasita sufrimendua besterik ez baitugu ikusiko… eta pairatuko.

Ikusleak ikaratuta jarraituko du Susan Morrowek etxean jasotako liburuaren istorioa, baina estutasuna nonahi sentituko du, protagonista nagusiaren oroitzapenetan eta haren bizitza bakartian ere. Tristeak izango dira bi istorioak, liburuan jasotakoa eta Susanen egunerokoak agerian utzitakoa. Fikzioa bata, errealitatea bestea, protagonistaren begietatik. Publikoarentzat, ordea, bi dimentsioak fikziozkoak izan arren, errealitatetik asko izango dute. Horregatik, filmeak harrapatuz gero (eta hala egingo du), bi istorioen arteko bat-etortzeek kezkatuko gaituzte bereziki. Izan ere, edozer gauza gerta daitekeen irudipena izango dugu, edozein momentuan; Texaseko errepide isolatu batean zein etxean, gaueko isiltasunean.

Gogorra da pelikula, barruak astintzen dituen horietakoa. Ez dakit denen gustukoa izango ote den, baina lan biribila da, guztiz gomendagarria trama, interpretazio, eszenifikazio zein soinuaren ikuspuntutik. Gainera, Amy Adams dugu aktoreen zerrendaren buru. Modan dago, eta baliteke modan jarraitzea Oscar sarien ondoren. Seigarrenean bai?