soy-cuba-zinea-eus-gaizka-izagirre-02Fidel Castroren heriotzaren ondoren, azken egunotan gehien entzun dugun herrialdearen izena aitzakiatzat hartuta, orain 50 urte grabatutako film bitxi bat ekarri nahiko nuke gaurkoan blogera: Soy Cuba (Errusiarrez, Ya Kuba) Mijaíl Kalatózov zuzendariak  1964. urtean estreinaturiko film kubatar-sobietarra. Ez zuen oso harrera ona izan kubatar eta errusiarren artean, eta horregatik, ostrazismoan galdu zen urte luzez, 30 urte geroago, Coppola eta Martin Scorsese bezalako zuzendariek bultzaturiko kanpaina bati esker zabalkunde handiagoa lortu zuen arte.

Kamera, protagonista

Urteen poderioz film honek hartu duen indarra ulertzeko, ez dugu bere tramaren baitan bilatu behar -Lau istorioren bidez, Kubak jasan zuen eboluzioa kontatuko digu filmak-. Zinezaleok gehien miresten duguna eta ahozabalik uzten gaituena, ordea, berrogeita hamar urte baina gehiago dituen film honen arlo tekniko ikaragarria da. Kamera orojakile baten exhibizionismoa, film osoan zehar askatasun osoz hegan egiten duen bitartean, arrazionalki ezinezkoak diruditen sekuentzia plano harrigarriak sortuz. Zinemaren historiako sekuentzia plano ikusgarrienak ikus daitezke bertan, hiletaren une hau adibidez;

(berriro diot, 1964 urtean errodatu zuten)

Ala filma irekitzen duen beste une hau:

Eszena konkretu hori, gainera, Paul Thomas Anderson zinegile handiak, Boogie Nights filmean imitatu zuen (igerilekuko unea batik bat).

Filma zuri-beltzean grabatu zen, baina militar sobietarrek ilargiaren alde ezkutua grabatzeko garatu zuten sentikortasun handiko pelikula bat erabilita -garai hartan zuti-beltzean grabatzen zirenak baino askoz ere garestiagoak ziren film-biribilkiak-. Metrajeak 141 minutuko iraupena izan zuela kontuan izanda, pentsa amaierako aurrekontua zenbat igo zen!

Baina film honen grabaketa prozesuari buruz gehiago jakiteko gogoz geratu bazarete, lasai. 2005ean Vicente Ferraz Brasildarrak Soy Cuba: O Mamute Siberian izeneko dokumentala egin baitzuen. Filmaren sorkuntza prozesu guztia aztertuz, balentria teknikoa guztiak erakutsiz eta errodaje hartan parte hartu zuten hainbat protagonistaren elkarrizketa interesgarriekin.