Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen alorrean urtero ematen duen Anton Abbadia saria Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeak jaso du aurtengoan, “euskal zinema nazioartean ezagutarazteko egindako lanagatik”. Sari banaketa ekitaldia atzo, abenduak 1, egin zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian, eta aurtengo tematika jarraituz, zinema areto klasiko bilakatu zuten espazioa. Ekitaldi eder eta hunkigarria izan zen, saridunen lankide eta senidez jositako gonbidatuen parte-hartzearekin.
Joseba Usabiaga aktoreak egin zien harrera gonbidatuei, aretozainaren paperean, eta ekitaldian suertatzen ziren “arazoak” tarteko, zeremonia-maisu gisa ere aritu zen. Hala, Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiari atrilera igotzeko eskatu zion, “sarrera motz” bat egin zezan. Irizarrek, ekitaldiaren formatu berriaren nondik norakoak azaldu zituen: “Abbadia sariaren entrega ekitaldia berritu, modernizatu nahi izan dugu, eta jauregi honetan zerbait bilatzen duzunean azaldu egiten denez, zinema-areto eder askoa topatu dugu”.
Ostean, iazko saritu Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) aurkezle eta hizkuntzalariaren txanda izan zen. Moriartiren ibilbidea laburtu zuen, eta haien lorpenak azpimarratu: “Euskal Herriko eremu geografikoa eta euskararen eremu linguistikoa gainditu dituzte, eta haien filmak Euskal Herritik kanpo euskaraz eta azpitituluekin ikusi dituztenak gehiago dira, bertakoak baino; bada marka! Duela gutxi ezinezkoa zena lortu dute: euskara, zinema eta Oscar hitzak esaldi berean josi ahal izatea”.
Eskerren tartea
Ostean, Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeko sei kideak igo ziren eszenatokira, Jon Garaño, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Jorge Gil Munarriz. Izaskun de Alvarez artista oiartzuarrak egindako sariaz gain, bakoitzarentzako irudi bana ere eman zizkieten Irizar eta Amonarrizek, eta ostean, Garaño eta Arregik ondo prestatutako eskertza hitzalditxoak irakurri zituzten.
Seme-alaba eta bikotekideei, euren proiektuetan parte hartu duten profesionalei, eta euskal ikus-entzunezko sektorea osatzen duten gainerako enpresa eta eragileei (bereziki, Irusoini) eskerrak eman zizkieten. “Moriarti den zuhaitzak jaso du saria, baina basoan beste zuhaitz asko ere badaude”. Arregik, ilobaren duela zazpi bat urte izandako elkarrizketatxotik abiatuta, Moriartiren filosofía azaldu zuen: “Kontatu zerbait, baina ondo kontatu”. Eta euskal herritarrei istorio duinak eskaintzeko duten konpromisoa nabarmendu zuen.
“Filmak euskaraz zergatik egiten ditugun galdetzen diguten bakoitzean, beti etortzen zaigu burura erantzun berbera: Eta zergatik ez?”, amaitu zuen Garañok.
Azkenik, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia igo zen eszenatokira, eta euskara eta hizkuntzaren erregistro ezberdinak normalizatu eta gizartean zabaldu aldera, ikus-entzunezkoek duten zeregin garrantzitsua azpimarratu zuen. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakaleran ikus-entzunezkoei eskainitako bi proiektu abiatu nahi dituela azaldu zuen: bata, hezkuntzari lotutakoa, eta bestea, eskaintzaren ingurukoa.
20. ekitaldia
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996an banatu zuen aurrenekoz Anton Abbadia saria, eta urtez urte, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendu diren pertsona eta erakundeek jaso dute garaikurra. Esaterako, lehen edizioan, Arantzazuko Egutegia saritu zuten (urte luzez iraun eta euskal irakurleei euskarazko edukiak eskaintzeagatik), 2004an Tinko Euskara Elkartea (areto komertzialetan eskaintzeko filmak euskarara bikoizten aitzindari izateagatik), eta iaz Kike Amonarriz hizkuntzalari eta aurkezleari (euskara, umoreari lotuta, tresna gisa baliatzeagatik eta zabaltzeagatik).
https://youtu.be/uoiPkoQqkE4