Igelak
Patxo Telleriaren lan berria, Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatu ostean, zinema areto komertzialetara helduko da aste honetan. Gorka Otxoa Pelloren azalean sartuko da; banku sukurtsal batean lan egiten duen gizon gazte gupidagabea, eta iruzur ekonomiko bategatik atxilotuko dute. Dena den, epaitegitik ihes egitea lortuko du, eta Igelak ezizena darabilten etxegabetzeen aurkako kolektibo bateko kideekin bizitzen amaituko du, bere benetako nortasuna ezkutatuta. Proiektuan parte hartu dute, besteak beste, Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Maria Cruiskshank, Gurutze Beitia, Josean Bengoetxea eta Elena Irureta aktoreek.
Moana (Vaiana)
Disney etxearen ekoizpen berria da Moana, Itsaso Bareko uharteetan kokatutako animaziozko filma. Moana gaztea da filmeko protagonista. Marinel familia batean hazi da, eta itsasoarekin harreman berezi bat garatu du, baina aitak eta herriko buruak ez diote uhartetik irteten uzten, inguratzen dituen arrezife arriskutsua aitzakiatzat balitatuta. Uhartea eta gizateria arriskuan jarriko duen hondamendi baten etorreraren aurrean, baina, kanoa bat hartu eta Maui jainkoaren bila abiatzea erabakiko du Moanak. Tokiko tradizioak, bizimodua eta biztanleak era fidelean islatzen ahalegindu dira John Musker eta Ron Clements proiektuaren zuzendariak.
Nocturnal Animals (Animales nocturnos)
Tom Fordek Austin Wrighten eleberri homonimoa pantaila handirako egokitu du. Susan aspaldi banandu zen senarrarengandik, baina azken aldian askotan pentsatu du beragan, eta egun batean hark bidalitako pakete bat jasoko du. Senar ohiak idatzitako lehen eleberria da, Nocturnal Animals izenekoa, eta Susani irakurtzeko eskatuko dio, bere iritzi jakin nahi baitu. Susan izutu egingo da, gizonak gaueko animalia bat zela esaten baitzion, eta gainera, lana ere berari eskaini dio. Thriller psikologiko gogor eta ilun honetan hartu dute parte Amy Adams eta Jake Gyllenhall modako aktoreek. Venezian epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen.
The Handmaiden (La doncella)
Hego Koreatik, ostera, Cannesko Sail Ofizialean aurkeztu zuten The Handmaiden maitasun drama helduko zaigu. Park Chan-wook zinegilearen berriena 30eko hamarkadako Korean girotuta dago, kolonizazio japoniarraren garaian. Sookee neskame bezala kontratatuko du Hidekok, luxuzko etxe batean giltzapetuta bizi den emakumeak. Sookeek sekretu handi bat gordetzen du, eta konde japoniar bat bailitzan mozorrotuko den iruzurgilearen laguntzarekin, Hidekorentzako plan bat prestatuko du. Erotismoa, harreman homosexualak eta suspentsea nahasten dituen obra estetikoa.
Mae só há uma (Madre sólo hay una)
Valladolideko Seminci jaialdian zuzendari eta aktore onenaren sariak jaso zituen Anna Muylaerten drama brasildarrak. Haurra zela amarengandik bereizi zuten Pierre gazteak bere benetako jatorria ezagutuko du, eta amak hartutako erabakiei aurre egin beharko die familia biologikoa ezagutzeko. Naomi Nero, Daniel Botelho, Daniela Nefussi eta Matheus Nachtergaele aktoreek hartu dute parte, besteak beste, proiektuan.
- Los últimos de Filipinas
XIX. mende amaieran, Filipinak Espainiaren kolonia ziren garaian, espainiarren destakamentu bat Balerko hirian sitiatua izan zen 337 egunez. 1898an Espainia eta AEBek Parisko Ituna sinatu zuten, eta hala bi herrialdeen arteko borroka amaitutzat eman zuten, Espainiak Filipinasen gaineko soberanotza AEBei eman ostean. Horregatik, Baler uharteko sitiatuak “Filipinaseko azkenak” ezizenarekin dira ezagunak. Filma Salvador Calvo zuzendari espainiarraren lana da, eta Luis Tosar, Emilio Palacios, Alvaro Cervantes, Javier Gutierrez, Karra Elejalde eta Carlos Hipolito aktoreek hartu dute parte, besteak beste, abenturazko proposamen honetan.
Villaviciosa de al lado
Carmen Machi, Arturo Valls, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Leo Harlem eta Jon Plazaola aktore ezagunek, besteak beste, barre eginaraziko digute Nacho G. Velillaren komedia koral espainiarrean. Villaviciosa de al lado herrian loteria tokatuko da, eta herriko familia gehienak suertatuko dira garaile, prostituzio-etxean saldutako zenbakia izango baita saritua. Emakumeak mendeku hartu nahiko dute orduan, senarrek loteria non erosi duten jakindakoan.
Aloys
Tobias Nöelle zinegilearen drama psikologiko suitzarra. Aloys Adorn izeneko detektibe pribatuak pertsonak ezkutuan filmatzen ditu. Gau batez, baina, mozkortu egingo da eta gaua autobus batean igaroko du; goizean, bere filmak eta kamera lapurtu dizkiotela ohartuko du. Gutxira, emakume batek hots egingo dio, eta gertaerarekin zerikusia duela dirudi.
La passion d’Augustine (La pasión de Augustine)
Erlijioa eta irakaskuntza aztergai ditu, aldiz, Lea Poolen La passion d’Augustine musikalak. 60ko hamarkadako Kanadan girotuta dago filma, iraultza sozial eta kulturala forma hartzen ari den Quebec hirian. Augustine mojak zailtasunak dituzten familietako neska gazteei eskolak ematen dizkie musikaren bidez. Egun batean, Augustineren iloba Alice helduko da eskolara, eta bertako bizimodua goitik behera aldatuko du.
https://youtu.be/egvqwdSPATs
La millor opcio (La mejor opción)
Oscar Perezek sinatutako drama gogorra. Koto gazte sahararra gaixo dago, eta giltzurrun bat behar du lehenbailehen. Emailerik aproposena bere ama da, haurra zenetik ikusi ez duen emakumea. Horregatik, familiaren etorrera kolpe gogorra izango da Kotorentzat, bere jatorriari uko egin beharko baitio bizitza salbatzeko.
El perdut (El perdido)
Gironan bizi den Martí izeneko gizon lotsati eta isil batek etxetik alde egingo du 1994ko otsaileko egun batean, eta mendian galduko da, biziraupena helburu. Gertaera errealetan oinarritutako filma zuzendu du Christophe Farnarierrek.