EZAE Euskal Zinema Aretoen Elkarteak Bidaiariak zinera! izeneko ekimena antolatu du bigarrenez. Hala, bihartik, abenduak 2, aurrera, euskarazko filmak, euskal ekoizpenak eta europar lanak ikusteko sarrerak bi euro merkeago eskuratu ahal izango dira kanpainarekin bat egin duten 59 zinema aretoetan.

ezae-bidaiariakzinera-zinea-eus-01Euskal eta europar zinemaren kontsumoa sustatzeko eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko helburua du EZAE elkartearen Bidaiariak zinera! kanpainak. Iaz antolatu zuten ekimena aurrenekoz, eta hiru hilean 21 film ikusteko 20.000 sarrera saldu zituzten. Horregatik, izandako arrakastaren ondotik, bigarren edizioa egitea erabaki dute Zineuskadi elkartearekin bat eginda.

Abenduaren 2an, Gabonen aurretik, abiatuko dute kanpaina Patxo Telleriaren Igelak filmarekin batera. Orotara, EAEko 59 zinema aretok egin dute bat ekimenarekin, tartean, Donostiako SADE enpresako hiru aretoek, Areto enpresako zinemek (Durangoko Gran Cinema Zugaza, Eibarko Coliseo Antzokia, Mungiako Torrebillela Zinema, Getxo Zinemak, Zornotza Aretoa, Muskizko Meatzari Zinema, Galdakaoko Torrezabal Zinema eta Zalla Zine Antzokia), Bilboko Golem Alhondiga eta Circuito Coliseok, Beasaingo Usurbe Antzokiak, Errenteriako Niessen Zinemak eta Laudioko Top Zinemak.

Honenbestez, ikus-entzuleek bi euroko deskontua izango dute sarreraren prezioan euskarazko filmak, Euskal Herrian ekoitzitako lanak eta produkzio europarrak ikusteko. Ez aukera galdu!