Gasteizko Film Laburren Jaialdia da Cortada, 1997az geroztik, formatu txikiko istorioei, orokorrean, eta euskarazko lanei, bereziki, tartea egiten diena, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ekinemez. Aurtengo edizioa, jaialdiaren hogeigarrena, atzo, azaroak 29, abiatu zuten, eta hilaren 3ra bitarte, 98 lan lehiatuko dira orotara. Gasteizko Letren Fakultatean izango dira emanaldiak.
1.278 lan jaso ditu aurten Cortada jaialdiko hautespen batzordeak, iaz baino 700dik gora lan gehiago. Ez da zifra makala! Eta kalitateak ere maila berean egin omen du gora. Guztien arten 98 film aukeratu dituzte jaialdiko lau sailetan eskaintzeko: Sail Ofiziala (animazioa, fikzioa eta dokumentala), Gureak (euskal film laburrak), Hemengoak (Araban ekoitzitako film laburrak) eta Unilabur eta EHUlabur (unibertsitateetako ikasleek egindako lanak).
Jaialdiak AIC Film Laburren Elkartearen kalitate ziurtagiria du, eta Goya eta Forqué sari banaketekin harremanetan dihardu, gainera.
Egitarauaren xehetasunak
Aurten aurrenekoz Freaky Gaua egingo dute hilaren 3an, jaialdia amaitzeko, eta besteak beste, Álvaro Carreroren Abre fácil, David Oeoren Añadir contacto, Aitor Elorriagaren Cuenta atrás, Jorge Gil Munarrizen Xinta dantza, eta Olga Osorioren Einstein-Rosen lanak eskainiko dituzte. Ez da, ostera, maratoi bakarra izango, egun bat lehenago, hilaren 2an, euskararen erabilera sustatzeko helburua duen Gureak saileko filmak, 21 orotara, eskainiko baituzte hiru txandatan: 17:00etan, 19:00etan eta 21:00etan. Zerrenda osoa ikusteko, sartu atariaren webgunean.
Atzo Unilabur eta EHUlabur saileko filmak izan ziren ikusgai; gaur eta bihar, azaroak 30 eta abenduak 1, Sail Ofizialaren txanda izango da; ostiralean, aurreratu bezala, Gureak saileko lanak eskainiko dituzte, eta igandean, Freaky Gauarekin jaialdia itxi aurretik, Hemengoak saileko eta Sail Ofizialeko filmak eskainiko dituzte. Ez aukera galdu!