Nazioarteko filmak euskarazko azpitituluekin eskaintzeko helburua duen Filmazpit katalogoak bi lan berri gehitu ditu bere katalogora: La Belle saison (Catherine Corsini, 2015) eta Fatima (Philippe Faucon, 2015). Biek ala biek emakumezkoak dituzte protagonista.

Bi film frantziar dira Filmazpit katalogoko sartze berriak. Lehena Catherine Corsini zinegile emankorraren lan berriena da, La Belle saison, 70eko hamarkadako Parisen girotutako drama erromantikoa. Delphine eta Carole dira filmeko pertsonaia nagusiak; lehena nekazarien alaba da, eta hirira joango da independentzia ekonomikoa eta bizitzaren kontrola eskuratzeko. Bertan ezagutuko du Delphine misteriotsu eta isila. Emakumeak ditu gustuko; Carolek, aldiz, ez du sekula sexu bereko norbaitekin harreman bat hastea pentsatu. Baina ustekabean, bi gazteak maitemindu egingo dira.

Nazioartean oso harrera ona izan zuen filmak iaz: Toronton aurkeztu zuten eta Locarnoko jaialdian Variety Piazza sari nagusia eskuratu zuen. Cesar sarietan, halaber, aktore onenaren eta taldeko aktore onenaren sariak jaso zituzten De France eta Lovsky aktoreek. Amaia Garciak ere filmaren inguruan hitz egin zigun bere blogean.

Bada, filma euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da orain Filmazpit katalogoari esker.

Fatima

Cesar sarietan film onenaren, gidoi egokitu onenaren eta emakumezko aktore berri onenaren (Zita Hanrotentzat) sariak eskuratu zituen iaz, baita ere, Philippe Fauconen inmigrazioari buruzko Fatina dramak. Fatima Elayoubik idatzitako Prière à la lune olerki eta idatzien bilduman oinarritutako lana da; andrazkoak Afrika iparraldetik Frantziara emigratu zuen senarrarekin, hizkuntza ia jakin gabe. Gizonarengandik banandu, eta garbitzaile lanetan hasi zen bi alabak aurrera ateratzeko. Hala, hiru emakumeen bizimodua islatuko du filmak, eta Fatimaren ardura, ohitura zaharrak galtzen ari diren alabek euren identitatea mantendu dezaten.

Filma ere euskarazko azpitituluekin izango da ikusgai Filmazpit katalogoan.