Ostiralean, abenduak 2, abiatuko dute Durangoko Azokaren 51. edizioa, eta urteroko zita garrantzitsuan parte hartzeko eta euskal zinearen alorrean gure hondar alea jartzeko, Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa mahai-ingurua antolatuko dugu larunbatean, abenduak 3, 15:00etatik 16:30era Irudienea gunean.

Iaz, aurrenekoz, Euskal zine industriaren belaunaldi berria izeneko solasaldiarekin estreinatu ginen Durangoko Azokan. Irune Gurtubai ekoizlea, Lara Izagirre zuzendaria, Joseba Usabiaga aktorea eta Miren Manias ikerlaria gonbidatu genituen saiora, eta euskal zinemaren belaunaldi berria izan genuen aztergai, euskarazko sorkuntzatik abiatuta. Oso hausnarketa interesgarriak jarri zituzten mahai-gainean, baita industria terminoaren inguruan zituzten pertzepzio ezberdinak ere, eta saio interesgarria izan zen guztiontzat.

euskarazko-zinemaren-sorkuntza-eta-kontsumoa-02-zinea-eus

Bada, aurtengoan, euskarazko sorkuntzan eta kontsumoan sakondu nahi dugu. Edonor al da sortzaile? Zein testuingurutan? Zergatik sortzen dugu? Eta nola? Aldiz, euskarazko zinema kontsumitzen dugu? Militantziagatik ala era naturalean? Euskal kontsumitzaileak hezi behar al ditugu? Galdera asko sortu zaizkigu, eta guzti horiek lantzeko, lau lagun gonbidatu ditugu larunbateko saiora:

  • Eneko Sagardoy, ordea, aktorea da. Durangoko Karrika antzerki taldean hasi zen antzezpena lantzen, eta ostean, Goenkale telesailean egindako lanagatik egin zen ezagun. Ordutik, antzerkian aritu da, urteko pare bat obra aurkezten, eta zineman ere dozena bat lan egindakoa da, bereziki film laburretan. Udaberrian Aundiya (Jon Garaño eta Aitor Arregi) filma errodatu zuen, eta antzerkian buru-belarri jarraitzen du Treblinkara Azken Trena lanarekin.
  • Aitor Abaroa, azkenik, kultur kazetari eta zine aditua da. Gaztezulo aldizkariko zuzendari izandakoak, dozenaka irrati eta telebista saiotan hartu du parte azken urteetan, hala nola, ETB1eko Mihiluze, Azpimarra eta Ahoz aho saioetan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan, eta Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. Zinearekin lotutako dozenaka ekitalditan ere hartu du parte, besteak beste, bere sorterriko Zine Bileran.

Honenbestez, apuntatu zita:

Abenduaren 3an, larunbata, 15:00etan Durangoko Azokako Irudienea gunean.