2007an Fernando Larrukert eta Nestor Basterretxearen Ama Lur lanarekin egin bezala, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak 70eko eta 80ko hamarkadetan Euskal Herriari buruz filmatutako Ikuska izeneko 21 film labur dokumentalen saila berreditatu du euskarri digitalean. Durangoko Azokan izango da eskuragai.

ikuska-7k-zinea-eusAntxon Ezeizak eta Luis Iriondok abiatutako proiektua izan zen Ikuska film labur dokumentalen saila. Izan ere, Trantsizio garaian, euskal sorkuntza loratzen hasi zenean, Frankismo osteko Euskal Herria erretratatuko zuten proiektu zinematografikoak egin nahi izan zituzten, euskal zinearen oinarriak finkatzen hasteko, eta pixkanaka, industria bat garatzeko. Hala, 21 lanez osatutako bilduma egitea ebatzi zuten, kultura, gizartea eta politika landuko zituzten dokumentalak, euskaraz errodatutakoak, alderdi politikoengandik aldenduta eta kutsu ideologikorik gabeak.

35 milimetrotan errodatu zituzten, lan guztiak homogeneoak izan zitezen, eta Caja Laboral Popularrek, Orbegozo Fundazioak eta Cegasak lagundu zuten proiektua finantzatzen. Ezeizarekin batera (lau zuzendu zituen), Jose Luis Egea, Pedro Olea, Anton Merikaetxebarria, Xabier Elorriaga, Koldo Izagirre, Juanba Berasategi, Koldo Larrañaga, Jose Julián Bakedano, Iñaki Eizmendi, Montxo Armendariz, Mirentxu Loyarte (emakumezko bakarra), Imanol Uribe, Juan Miguel Gutiérrez eta Pedro de la Sota zinegileek ere osatu zituzten laburrak, eta ikusmin handia piztu zuten.

Dena dela, 35 milimetrotan errodatu zirenez, zinema areto komertzialetan soilik eskaini zitezkeen, eta horrek kultur elkarteak eta parrokiako aretoak kanpo utzi zituen.

Durangoko Azokan eskuragai

Hiru hamarkada geroago, Bertan Filmeak eta Euskadiko Filmotekaren laguntzarekin eta Laboral Kutxaren babesarekin, dokumentalak formatu Digitalean berrargitaratu ditu EKHEk. Durangoko Azokan izango dira eskuragai, bi formatutan: liburua eta 3 DVD (20 euroan) eta eduki berberak dituen USB txartela (14 euroan).