Patxo Telleriak zuzendutako eta iragan 64. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatutako Igelak filma datorren abenduaren 2an helduko da zinema aretoetara. Gorka Otxoa, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea eta Gurutze Beitia aktoreek, besteak beste, hartu dute parte drama eta komedia uztartzen dituen musikaz jantzitako filmean.
Irailaren 20an, Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan, Ramón Bareari egindako omenaldiaren ostean, estreinatu zuten Patxo Telleriaren Igelak. Igelaren eta eskorpioiaren alegian oinarritutako lana da, eta Pello banku bateko langilea du protagonista. Atxilotu egingo dute finantza-iruzurra leporatuta, baina ihes egitea lortuko du, eta etxegabetzeen aurka borrokan ari den pertsona talde batekin bizitzen amaituko du.
Telleriak berak idatzi du filmeko gidoia, eta Abra Prod ekoizpen etxeak ekoitzi du. Proiektuak ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren laguntza jaso ditu, eta filmatzea zazpi astez luzatu zen iragan urri eta azaroan. Proiektuan Otxoa, Gaztañaga, Bengoetxea eta Beitiaz gain, Mikel Losada, Maria Cruickshank, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Javier Tolosa, Itziar Atienza eta Ramón Agirre aktoreek ere hartu dute parte.
Filma abenduaren 2an helduko da zinema aretoetara. Hona Aritz Sorzabalek egindako kritika.