The Neon Demon
Nicolas Winding Refn (Drive -2011- eta Only God Forgives -2013- arrakastatsuen zuzendariak) gidatutako thriller psikologikoa Cannesen eta Sitgesen izan da ikusgai. Bihar, baina, zinema areto komertzialetara helduko da. Filmeko protagonist Elle Fanning aktoreak gorpuztutako Jesse da, modelo izateko asmoz, Los Angeles hirira joango den nerabea. Bertan jeloskortasun, inbidia eta interesek zikindutako mundu basatia ezagutuko du, baita bera bezala, arrakasta bila, joandako dozenaka neska eder eta gazte ere.
Bacalaureat (Los exámenes)
Cannesen zuzendari onenaren saria lortu zuen Cristian Mungiu zinegile errumaniarrak Bacalaureat familia giroko drama gogorrari esker (saria ex aequo jaso zuen Olivier Assayasekin batera, Personal Shopper lanagatik). Filmak krisiak eta ustelkeriak astindutako gizarte errumaniarraren erretratua egingo du. Romeo 50 urte inguruko zirujaua da; emazteak depresioa du, eta senar-emazteen helduleku bakarra 18 urteko Eliza alaba da. Oso ikasle ona da, eta Erresuma Batura Psikologia ikastera joateko beka bat eskaini diote, baldin eta urte amaierako azterketetan nota bikainak eskuratzen baditu. Probaren aurreko egunean, baina, neska bahitzeko ahalegina egingo dute, eta horrek familia osoaren asmoak kolokan jarriko ditu.
https://youtu.be/VimmuogOOks
Bar Bahar (Entre dos mundos)
Donostiako zinema jaialdian Otra mirada saria jaso zuen, ostera, Maysaloun Hamoud emakumezko zinegile palestinarraren debut lanak. Salma, Laila eta Nur gazte palestinarrak dira filmeko protagonistak. Tel Aviven bizi dira, pasaporte israeldarrarekin, eta sorterritik urrun, nahi bezala bizitzen ahaleginduko dira. Gatazka politikoak albo batera utzita, modernitatearen eta tradizioaren arteko borroka izango du aztergai filmak, gugana heltzen diren estereotipoetatik aldentzen den gizarte israeldarrean.
https://youtu.be/fPiVZj8Mm7o
Allied (Aliados)
Brad Pitt eta Marion Cotillard izarrek Bigarren Mundu Gerran girotutako espioitza thrillerra aurkeztuko digute oraingoan, Robert Zemeckis zinegilearen aginduetara egindako lana. Max (Pitt) aliatuen bandoko espioia da. Afrika iparraldeko misio arriskutsu batean, Marianne (Cotillard) kide frantziarrarekin maiteminduko da. Halako batean, baina, Marianne nazientzako lanean ari den espioia izan daitekeela jakinaraziko diote Maxi.
Gimme Danger
Iggy Pop musikariaren lehen taldea izandako The Stooges laukoaren ibilbidea aztergai duen dokumentala. Jim Jarmuschek 60ko hamarkadako azken urteetako Michiganera (AEB) egingo du jauzi; rocka, bluesa, R&Ba eta free jazza uztartzen zituen taldea sortu zen orduan, rock alternatiboaren alorrean munduko banda garrantzitsuenetakoa izango zena. Haien bilakaera ere kontatuko du lanak, musikan ez ezik, maila kultural, politiko eta historikoan ere garatu baitzen taldea.
Deepwater Horizon (Marea negra)
AEBetatik, baita ere, helduko zaigu Peter Bergen berriena, 2010ean Mexikoko Golkoan jazotako gertaeretan oinarritutako akziozko drama. Oliobide batean izandako istripuak inoizko ingurumen hondamendi larrienetakoa eragin zuen, baita 11 lagun hil eta beste hamasei zauritu ere. Mark Wahlberg, Kurt Russell, Kate Hudson, John Malkovich eta Dylan O’Brien bezalako aktore entzutetsuen parte hartzeak babestutako lana.
La Mort de Louis XIV (La muerte de Luis XIV)
Aurtengo Fenix sarietan, lau kategoriatan (tartean, film eta zuzendari onenaren kategorietan) izan da hautagai Albert Serraren drama historikoa. Luis XIV. Frantziako erregearen heriotza mantsoaren kronika da, 1715ean, etxera bueltan, hankan min zorrotz bat sentitu zuen unetik hil artekoa. Jean-Pierre Léaud aktoreak gorpuztu du Luis XIV.
Maikäfer flieg (La primavera de Christine)
Mirjam Ungerrek zuzendutako film austriarra. Bigarren Mundu Gerran girotuta dago, eta Christine izeneko neskatoaren abenturako kontatuko ditu. Viena hiriaren kanpoaldean bizi da, eta errusiarren etorreraren zain, izututa daude bizilagunak. Christinek ordea ez du beldurrik.
La reina de España
Fernando Trueba zinegileak 1998ko La niña de tus ojos filmaren bigarren atala osatu du, La reina de España, Penélope Cruz, Antonio Resines, Neus Asensi, Ana Belén, Javier Cámara, Chino Darín, Loles León, Rosa María Sardá eta Santiago Segura, tartean, aktoreen laguntzarekin garatutako komedia dramatikoa. 50eko hamarkadako Espainian girotutako filmak Macarena Granada (Cruz) aktorearen eta Blas Fontiveros (Resines) zinegilearen arteko topaketaren ondorengoak kontatuko ditu.
Into the Forest (En el bosque)
Bi ahizpa nerabe bakartuta bizi dira Ipar Carolinako (AEB) baso batean. Itzalaldi bat tarteko, argirik eta gasik gabe geratuko dira, eta horrek gizateria kolapso egoeran utziko du, gerra handi baten etorrera hauspotuz. Bi ahizpak, ostera, argia eta gasa berreskuratu nahiko dituzte, haien bizimodu berezirako ezinbestekoak baitira. Patricia Rozemanek zuzendutako film independentean aritu dira Ellen Page eta Evan Rachel Wood gazteak.
Sicixia
Xiao soinu ingeniaria da, eta Galiziako herri eta txoko ezkutuetan barrena ibiltzen da, bertako biztanleei zerbitzua eskaintzen. Egun batean Olalla ezagutuko du, alga-bilketan lan egiten duen gaztea, eta bizitzarekiko, lurrarekiko eta Costa da Morteko alderdi basatiarekiko pasioa piztuko du Xiaorengan. Ignacio Vilaren filma, Monti Castiñeiras eta Marta Lado protagonista dituena.
La pols
Llatzer Garciak idatzi eta zuzendutako lana, antzerki obra zena film bilakatuta. Jacob, Ruth eta Alba izango dira filmeko protagonistak, oso pertsonaia berezi eta sakonak. Lehen bien aita hil egingo da, baina Jacobek azkar ahaztuko du gertaera, eta Ruthi ulergaitzak zaizkion erabakiak hartuko ditu.