Azken urte honetan beste zinema etiketa horren barnean sartu daitezkeen hainbat euskal film luze ekoitzi dituzte. Sipo Phatasma (Koldo Almandoz, 2016), El último verano (Leire Apellaniz, 2016) eta Pasaia Bitartean (2016, Irati Gorostidi). Bitxia da hiru pelikula hauen arteko lotura, izan ere, hirurek badute memoriaren balioaren inguruko hausnarketa, bakoitzak bere modura eta lantzen duen gaiaren inguruan.
Aipatutako azken lana, Pasaia Bitartean, duela gutxi estreinatu dutea Sevillako Zinemaldian, SEFF-en, Resistencias Sailean. Laster Bartzelonan (Zumzeig Cine Cooperativa) eta Madrilgo Cineteca aretoetan izango da ikusgai, Márgenes festibalean. Zinema aretoetan ez ezik, abenduan zehar www.margenes.org webgunean ere egongo da.
Pasaia Bitartean, Jonander Agirre Mikelezen arkitekturako gradu amaierako proiektutik jaio den film homonimoa da. Proiektuaren bidez, Pasaiako portuaren inguruko espazio komunak beste modu batean aztertu nahi izan ditu Agirrek, eta horren aurrean, arkitekturak lehen mailan aintzat hartzen ez dituen aldagaiak hasieratik kontuan edukitzea posible ote den ala ez ikertu du. Azterketa nola egin pentsatzen ari zela, zinea tresna interesgarria izan zitekeela ikusi zuen; zinemak, argazkigintzak edo marrazkiak duen espazioa errepresentatzeko aukera edukitzeaz gain, denboraren errepresentazioa ere egiten duelako.
Honela, Irati Gorostidirekin hasi zen elkarlanean zinearen bidez arkitektura eta espazio postindustrial hau begiratzen eta entzuten, denboraren dimentsioa lehen mailan jartzen eta honi dagokion balioa ematen, azkenean ikus-entzunezko entsegu bilakatu den pelikula batera iristeko; non hiriaren antolaketa, ikuspuntua eta memoriaren inguruko gogoeta egiten den.
Iratik, Ana Aitana Fernándezek eta Jonanderrek egindako filma plano ikusgarri batekin hasten da. Kruzero zuri batek okupatzen du pantaila osoa, eta erdian mandatari itxura duten zuriz eta urdinez jantzitako marinelek kruzeroaren alboko atetik lurreratzeko eskailerak ateratzen dituzte. Itsasotik iristen diren turistak Pasaian lurreratzen dira, eta paisaia post-industrial horretan panderoa eta trikitixa jotzen duten bi gizonek, txapela buruan dutela, ongi-etorria ematen diete beraiena ez den herrialde horretara.
Kruzeroaren sekuentzia honi turismoa diru-iturria dela ulertarazten diguten beste sekuentzia batzuk darraizkio, paisaia berak iraganean izan zenaren informazioa ematen digun bitartean. Hasierako erritmo “frenetikotik” pixkanaka-pixkanaka aldentzen goaz. Sektore eta mota ezberdinetako langileen eskuak eta espazioak ikusten ditugu, arrotzetatik urrun dauden espazioetara iritsi arte.
Enkuadre zaindu eta plano fijoen bidez erakusten dizkigute aipatutako espazioak. Filmaren lehen parte honetan lanean ari direnen ekintza produktiboek ematen diete mugimendua plano estatiko hauei, baina estatikotasun hori pelikularen erdialdean apurtzen da. Trenetik egindako travelling batek hiria beste modu batean ikusi daitekeela abisatzen digu, ikusleari begiak prestatzen dizkio, hausnarketa laster hastera doa eta.
Pelikula hiru zatitan banatuta dago. Lehen zatia aipatutakoa da, eta hirugarrenean hiria, etxebizitzen antolaketa ikusten da, eta baita herritar baten testigantza ere.
Erdiko parteak, trenaren ikuspuntua bezala, badia, portu ingurua, beste modu batean begiratzera gonbidatzen gaitu. Itsasontzi batetik badian sartzen gera eta olatuen eta itsasontziaren motorrarekin batera, Iratiren ahotsak hiriaren antolakuntzaren, memoriaren eta jendearen balioaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu.
“Goitik begiratuta, hiriaren itxura geometrikoak liburutegi bat dakart gogora” dio hasieran.
Hausnarketa geldo honek, aurretik ikusi ditugun irudi eta soinuak ber-begiratzera, birpentsatzera bultzatzen gaitu.
Ahotsak hiri antolakuntza liburutegi baten ordenarekin alderatzen du hasieran, eta diskurtsoa, itsasontziak portu ingurua erakusten doan heinean, intimistagoa bilakatzen doa, eta metazinematografikoa. “Hiria kameraren bitartez begiratzen dugunean, bere distantzien enfokeen eta desenfokeen artean agertzen zaigu. Bat egiten dute hiriaren sasoiek eta irudia osatzen duten denbora geruzek”.
Ahotsak espazioen balio subjektiboak goraipatzen ditu, hau da, norbanako bakoitzaren bizipenen balioa hirigintza, edo topografiaren gainetik jartzen ditu. “Hiriak gogoratu ahal izateko hauek begiratzeko modua ahaztu beharko genuke agian”, dio.
Ikusitakoak errepresentatzen duena ahaztera gonbidatzen digun ahotsari hiri industrialetan bereizgarri diren langileentzako 60ko hamarkadako etxebizitzen irudien segida batek jarraitzen dio, eta gizon baten etxera sartzeraino eramaten gaitu.
Azken parte honetan, pelikulan lehen aldiz pertsonak pertsona gisa azaltzen dira, euren balio guztiarekin. Eta gizonaren diskurtso emozionalak ikuslea herritar baten subjektibotasun horretan sartzera bultzatzen du. Agian pelikularen zati emozional bakarra dela esango nuke, eta beraz, ikusle bezala, atzerritar sentsasio hori kentzen digun momentu bakarra. Emozionala baino, enpatikoa.
Pasaia Bitartean hasten den bezala, bukatzen da, eta horregatik diot ikuslea ere turistarekin identifikatu daitekeela. Hasieran iristen den kruzeroak badia uzten du, eta portuaren ertzetik herritarrek “agur” esaten diote barku erraldoi honi. Pasaia Donibanetik ikusten diren Pasai San Pedroko etxebizitza-dorreak kruzeroaren zuritasunaz estaltzen dira. Turismoaren kolpe izugarriak ez digu atzean dagoena ikusten uzten. Eta momentu horretan, gogoratzen dut aurrez zetorren sekuentziak non Pasaiako izkinaren batean, Heavy Metal talde batek Arrotzak abesten duen.
Pelikula Márgenes festibalean ikusteko aukera izango dugu, abenduaren 2an Madrilen, La Casa Encendidan, eta, abenduak 9an Bartzelonan, Zumzeig Cine Cooperativan. Horrez gain, festibala ere Sarean denez, abenduaren 1etik abenduaren 31ra www.margenes.org webgunean egongo da ikusgai. Era berean, proiektuak badu bere jarraipena www.pasaiabitartean.net atarian, eta arkitekturaren alderdi horretan interesa duenarentzat, segidan eduki gehiago: http://jonanderagirre.es/Architecture/PasaiaBitartean/ .
Irati Gorostidiren filmak hausnartzera bultzatzen gaitu beraz, baina baita gizabanako gisa geure historiaren, ikuspuntuaren balioan pentsatzera eta hau baloratzera ere.
Bere diskurtsoa neureganatzean ordea duda bat suertatzen zait, izan ere, pelikula bera toki horren beste errepresentazio modu bat da, eta subjektibotasun horiek non ote dauden duda dakarkit. Pelikulak berak bere diskurtsoa ahazten ote duen duda dut, alegia.
Aukera baduzue pelikula ikustera gonbidatzen zaituztet benetan interesgarria baita honelako filmak topatzea.
PD: Irati Canok egindako galderei ez diet guztiz erantzun, baina honelako ekoizpen txikiez hitz egitea eta batez ere, honelako ekoizpenak egotea, ezinbestekoa dela iruditzen zait. Ez bakarrik geure ingurua hausnartzera bultzaten gaituelako, ekoizpen modu ezberdin gisa ere, zinea egiteko erresistentzia mota bat delako. Ikonoak baino, egiteko moduak ditut gustuko.