‘Stanley Kubrick esentziala’ izeneko zikloaren baitan, gaur, 20:00etan, Nafarroako Liburutegiaren eta Filmotekaren eraikinean Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú) filma eskainiko dute.
Ziklo honetan, Stanley Kubrick (1928-1999) New Yorkeko zuzendariaren filmografiako hamar film ikusteko aukera izango du bertaratzen denak. Nafarroako Filmotekak antolatuta, Kubrick ez da zikloa eskaini dioten zuzendari bakarra, lehenago Bergman, Ford, Welles eta Chaplin izan baitira protagonistak.
Kubrick hiri amerikarreko Bronx auzoan jaio zen, familia judutar batean. Txikitatik argazkilaritzak erakarri zuen, eta bere zaletasunen artean, xakea eta jazz musika ere bazeuden. Hauen eragina nabaria da bere lanean. Kubrick zinemaren historiako zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Bere film ezagunenak A Clockwork Orange (La naranja mecánica,1971) eta The Shining (El resplandor, 1980) dira. Horiek eta beste asko ikusteko aukera izango da ‘Stanley Kubrick esentziala’ zikloan.