Izenburua: Sully
Zuzendaria: Clint Eastwood
Urtea: 2016
Herrialdea: AEB
Chesley Sully Sullenberger (Tom Hanks) eskarmentu handiko hegazkin pilotu bat da. Gauetik goizera, heroi bat bilakatuko dute gizarteak eta komunikabideek, 155 bidaiariz osatutako hegazkin bat Hudson ibaian itsasoratu eta gero, hildakorik eragin gabe. Hain zuzen ere, New Yorken gertatuko da halabeharrez egin beharreko lurreratzea, aireportutik irten berritan hegazkinak matxura bat izan eta gero. Hegazkin konpainiak eta aseguru etxeak, ordea, auzitan jarriko dute pilotuaren maniobra, bidaiarien bizia arriskuan jarri duelakoan. Benetako gertaeretan oinarritutako istorio bat da, 2009. urteko urtarrilean gertatutakoa.
Mirariak egon, badaude. Duela zazpi urte New Yorken gertatutakoa hala izan zen, baina baita ere bada Tom Hanksek Tom Hanks dela ahaztarazi didala aitortzea, pelikula ikusi ostean. Egia da bi Oscar dituela etxeko apal nagusian, eta egia da ere gogoangarriak direla gorpuztu dituen zenbait pertsonaia; Forrest Gump, tartean. Hala ere, ez galdetu zergatik, baina ez dut sekula aktore bezala maite izan, ez bera, ezta bere ahots bikoiztailea ere. Eta ez naiz horrela pentsatzen duen bakarra. Gustu kontuak dira, baina argi dago sentipenak erabakigarriak direla zein film ikusi edo ez erabakitzeko.
Pelikula baten bat utzi dut bukatu gabe, behin ikusten hasita. Horien artean dago Inferno (Ron Howard, 2016), eta han ikusi nuen Hanks azken aldiz, Robert Langdon iraskasle ahalguztidunaren larruan. Bada, oraingoan ez naiz damutu, Kaliforniako aktoreak asebeteta utzi nauelako. Noren, eta Clint Eastwooden eskutik. Ezin zitekeen beste modu batean izan. 86 urte ditu zuzendariak, baina, oraindik ere, urre bihurtzen du zuzentzen duen guztia. Eastwood da mirariaren eragile nagusia, ez dut zalantzarik.
Sully benetako gertaeretan oinarritutako film bat da, baina, hala ere, istorioaren amaiera ezaguna izan arren, indargune nagusienetako bat tentsioa da, hasieratik bukaerara arte. Piezak maisuki josiko ditu Eastwoodek, puzzlea hutsunerik gabe osatu arte. Ez du gertaera modu kronologikoan kontatuko, baina, gertatutakoa eta gertatzen ari dena uztartzeagatik, ez pentsa ikuslea nahastuko duenik, ezta gutxiagorik ere. Kontakizuna bikain eraikiko du, publikoa eserlekura itsatsita edukitzeko helburuarekin. Eta horretan, esan bezala, Hanksek ere bere alea jarri du.
“Eskegi behar dut”, errepikatu ohi dio Sullenberger pilotuak bere emazteari, istripuari buruz (eta, ziur aski, krisian dagoen bikote harremanari buruz) sakondu nahi ez duenean. Aurpegian nabari zaio kezka, eta, hain zuzen ere, keinuetan eta begiradan oinarrituko du bere interpretazio biribila. Burua lehertzear du, zerbait eskapatzen zaiolakoan. Sufrimendu horren partaide egingo du ikuslea.
Pelikula Oscar sarietarako hautagai bat izan daitekeela diote adituek, zenbait kategoriatan; pelikularik onena, zuzendaririk onena eta aktorerik onenaren sarietan, kasu. Ez dakit hainbesterako den, hautagaitzek leihatilan bildutako diru kopuru mordoari ez ote dioten gehiago erantzuten, baina, laudorioak laudorio, filmak merezi du, Hanks bereziki maite ez dugunontzat ere.