que-dios-nos-perdone-zinea-eus-kartelaZuzendaria: Rodrigo Sorogoyen

Urtea: 2016

Herrialdea: Espainia

Madril, 2011.urteko uda. Gizartea haserre dago, krisi ekonomikoak jota, eta milaka eta milaka erromes Aita Sainduaren zain daude. Kaos egoera horretan, serie hiltzaile bat harrapatzeko lanean ari da Polizia, sekretupean, gizarte giroa gehiago ez aldrebesteko. Hain zuzen ere, agureen bortxatzaile bat buruhauste bilakatu da hiriko erdialdean, eta kasua Velarde (Antonio de la Torre) eta Alfaro (Roberto Alamo) inspektoreen esku utzi dute. Filmak gidoi onenaren saria jaso du aurtengo Donostia Zinemaldian.

Rodrigo Sorogoyenek ez du zertan barkamena eskatu beharrik. Itogarria, basatia, krudela… espainiarrak zuzendutako filma gauza asko izan daiteke, baina, adjektibo guztien gainetik, lan biribila da. Pertsonaiak, testuingurua eta trama bera lehen mailakoak dira. Serie hiltzaileei buruzko film onenen artean kokatuko nuke, zalantzarik gabe.

Ez dago pertsona onik. Ez egotekotan, polizia onik ere ez dago, eta horrelakorik gutxitan ikusi dugu; fikzioan, jakina. Velarde inspektorearen lekuan jartzeko tentaldia dugu hasieran, haren totelkeriak eta segurtasun ezak bultzatuta, baina azkar baztertuko dugu ideia burutik, berekiko enpatia erabat desagertu arte. Antonio de la Torrek sentimendu kontrajarriak eragingo dizkigu, eta erakutsiko dituen gabezia bakarrak bere pertsonaiari dagozkionak izango dira, aktore gisa bikain ariko baita. Gauza bera esan daiteke Roberto Alamori buruz, baina ñabardura batekin; honek, Alfaro inspektorearen larruan, nazka eragingo du hasieratik, zalantzei tarterik utzi gabe. Biak ala biak ez dira agureen bortxatzailetik gehiegi desberdinduko, eta hori proposamen ausarta dela esango nuke, erretratuak errealitatetik asko baduelako.

Baliteke ere politikoki zuzena ez izatea hilketa eszenen explizitatea. Basakeria modu gordinean erakutsiko du zuzendariak, filtrorik gabe. Ez da elipsirik emango, eta horrek ere inguruan daudenen jokabidea utziko du agerian. Polizia bere gordinean, berriro. Egia esan, denak dira susmagarriak, Eliza bera ere; edo, hobe esanda, denak dira gaizkileak modu batean edo bestean. Publikoak bere egingo du ondorioa, pelikulan agertuko diren Madrilgo biztanle xumeek bezala, iruzurra nagusi den garaiak lagunduta.

Atmosfera itogarria du filmak. Egun argiz errodatu dituzte eszena gehienak, baina, iluntasunaren beharrik gabe, babesik gabe sentituko da ikuslea. Uda sasoiko beroa ere atzeman dezake ikusleak. Izerdi patsetan ez dugu bukatuko, baina hala gaudela pentsatuko dugu zenbait unetan.

Argi dago filmak ez duela inoren erredentziorik merezi, are eta gutxiago instantzia gorenetatik iritsiz gero.