Ez nuen argi zertaz idatzi oraingo post honetan, baina duela egun batzuk, halabeharrez, kutxa galdu bateko film batzuekin egin dut topo, guztiak VHS zintetan kopiatuak. Aspaldiko etxe-aldaketa baten ireki bariko kaxa bat zen. Zabaldutakoan eta barruan zegoena arakatutakoan, jakina, harribitxi asko aurkitu ditut, eta erabaki dut kutxa galduko filmetako baten gainean arituko nintzala gaur.
Hortik abiatuta, Blow-Up aukeratu dut, itsaso beteko filma izan arren, uste dudalako aski ezezaguna dela, bereziki, oraindik laugarren hamarkadara heldu ez direnen artean. 1966an Michelangelo Antonionik orduko Swinging London mugimenduaren izpiritua (Beatles, Rolling, Kinks, Small Faces, The Who… gerora AEB —eta mundua— inbadituko zuena) era paregabean erradiografiatzea lortu zuen, oso trama argala zuen pelikula batean.
Horretarako, batetik, orduan ezezaguna zen Vanessa Redgrave erakargarria begiz jo, eta paper bat eskaini zion. Bide batez, esan dezagun, geroago, film honen eszenetako bat dela bide, 60ko hamarkadako iraultza sexualaren irudi ikonikoa bihurtu zela antzezle londrestarra Bestetik, italiar zuzendariak David Hemmings antzerkiko aktorea hautetsi zuen (Sean Conneryk ezezkoa emanda gero, izan ere, Antonionik gidoiaren zazpi orrialdeko tratamendu bat baino ez omen zion erakutsi) eta hark bere ibilbideko rolik goraipatuena gorpuztu zuen, moda-argazkilari —arropa gazte-kulturaren ikurra baitzen orduan— protagonista nahasi samarraren azalean sartuz.
Antonioni sarritan kritikatua izan da —gehienetan arrazoiz, nire ustez— haren zinema hutsala eta zailegia zelakoan. Hala ere, hemen, haren ingelesezko lehendabiziko pelikulan, film biribila erdietsi zuen. Izan ere, Blow upeko dekoratuak, jantziak, musika, argazkia, aktoreak, estetika eta izena bera erreferente bilakatu dira hainbat eta hainbat alorretako sortzailerentzat denborak aurrera egin ahala.
Bilbeak ezer gutxi kontatzen du: moda-argazkilari arrakastatsu moderno batek, nahi gabe, hilketa bat fotografiatu du parke publiko batean. Hala ere, dena jakin arren, ezin du ezertxo ere frogatu. Alabaina, zertarako balio ote du jakiteak inortxok inoiz jakingo ez duen zerbait? Errealitatea ez da egiatan gertatzen dena; noski, jendeak uste duena baizik…
Soinu banda Herbie Hancock jazzlariak atondu zuen. Honi lotuta, biziki aipagarria da The Yardbirds taldeak (gerora, Led Zeppelin bilakatuko zena!) filmean egin zuen Stroll on kantaren interpretazio historikoa (Jef Beck eta Jimmy Page rock & rolleko gitarrista legendarioekin!), marmolezko ikusle begi-galdu batzuen aurrean. Esan behar da film honek Canneseko Urrezko Palmorria bereganatu zuela eta euskaraz ere gozatu ahal dugula. Arrazoi askorengatik ere, kultuzko film bat, zalantza izpirik gabe. Orain, ez badaukazu ikusita, deskargatu azpitituluak eta bilatu filma lehenbailehen!