Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Jaialdiaren 58. edizioa azaroaren 18tik 25era luzatuko da, eta Sail Ofizialean 71 film ikusteko aukera izango da, horien artean sei euskal ekoizpenak. Ohorezko Mikeldi sariak Jaime Chávarri zinegile eta gidoigile madrildarrak eta Bahman Ghobadi zinegile kurdu-iraniarrak jasoko dituzte.
Lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren emanaldiarekin abiatuko dute Zinebi jaialdia azaroaren 18an, ostirala, 20:00etan Arriaga Antzokian. Ekitaldian, gainera, Jaime Chávarri zinegileak Ohorezko Mikeldia jasoko du, bere El desencanto dokumentalaren 40. urteurrenean. Hain zuzen, hilaren 19an izango da ikusgai Chávarriren lan biografikoa, garai hartan ikusi gabeko baliabideak erabili zituen kultuzko ekoizpena.
Jaialdia azaroaren 25era arte luzatuko da, eta emanaldiak Arriaga Antzokian ez ezik, Azkuna Zentroan (egoitza nagusia), Campos Eliseos antzokian, Guggenheim Museoko auditorioan eta BBK Aretoan egingo dituzte. Aurreratu bezala, bigarren Ohorezko Mikeldi saria Bahman Ghobadi zinegile kurdu-iraniarrak jasoko du azaroaren 25eko itxiera galan.
Sail Ofizialean, lehian
33 herrialdetako 71 film lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean, fikzio, dokumental eta animazio generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak eskuratzeko. Horien artean sei dira euskal ekoizpenak:
- Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Renovable
- Aitor Gutierrezen Ulises
- Kepa Sojoren Hileta
- Ivan Sokoloven Anónimo
- María Elorza eta Maider Fernandezen Gure Hormek
- Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay
Aurtengo epaimahaia Andréa Picard idazle eta kritikari kanadarrak, Corina Moldovan-Florea ekoizle errumaniarrak, Krini Kafiris irakasle eta ikerlari greziarrak, José Luis Rebollo konpositoreak eta Virginia García del Pino zinegileak osatuko dute.
Horrez gain, zinegile berrien lehen lan edo opera primei eskainitako Zinebi First Film saila inauguratuko dute aurten, eta epaimahaikide lanetan Jon Garaño zinegile euskalduna, Xenia Rivery gidoilari kubatarra eta Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarra ariko dira.
Lehiaketaz kanpo, halaber, Beautiful Docs. Mundu osoko documental luzeen panorama eta Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi sailak ere bereiziko dituzte. Lehenengoan nazioarteko zinegile ezagunen bederatzi dokumental izango dira ikusgai, eta bigarrenean, bost euskal ekoizpenek hartuko dute parte, lau dokumental eta fikziozko film bat.
Egitarau osoa jakiteko, bisitatu jaialdiaren atari ofiziala.