Gaur, azaroak 4, hasi eta abenduaren 30era bitarte, Ezinezko zinema baten alde, dokumentala eta abangoardia Kuban (1959-1972) zikloa eskainiko dute Donostiako Tabakaleran. Madrilgo Reina Sofía Museoak prestatutako Iraultzari buruzko kubako mugimendu dokumentalaren inguruko saioak izango dira, azaro eta abenduko ostiral eta igandeetan (bereziki) egingo dituztenak.

kubako-zinema-tabakalera-zinea-eus-01

1959an Kubako errealitatea goitik behera aldatu zen mugimendu iraultzailearen garaipena tarteko, eta horrek, zinema dokumental berri baten sorrera ekarri zuen, ondorengo urteetan paper garrantzitsua izango zuen zinegintzarena, hain zuzen ere. Presazko zinema zen, aurrekontu txikiduna eta ikusleen arteko elkarrizketa sustatzea helburu zuena. Garai hartan 16 mm-ko kamera sinkronizatuak zabaldu baziren ere, Kuban 35 mm-koekin jarraitu zuten urte luzez, eta horrek mugak gainditzera eta inguruko egoera aldakorra dokumentatzeko gogor lan egitera bultzatu zituen zinegile kubatarrak.

Mugimenduaren erdigunea zen Santiago Álvarez zinegilea, Dziga Vertov kubatarra bezala ezaguna. Itxuraz loturarik ez zuten elementuak diskurtso politiko bakarrean batzen zituen eta dokumental monografikoak osatu. Ikuslegoa masan joaten zen bere emanaldietara, hain zuzen, metropoliko zinema aretoetan dokumentala desagertzen ari zen garaian.

Emanaldiak, gaiaren arabera

Hala, Kuban 60ko hamarkadan egin zen zinema gurera ekartzeko asmoz, Donostiako Tabakalerak Ezinezko zinema baten alde, dokumentala eta abangoardia Kuban (1959-1972) zikloa eskainiko du datozen hileetan Madrilgo Reina Sofia Museoaren bidez.

Saioak azaroaren 4tik abenduaren 30era luzatuko dira, hamabi orotara, eta gaien arabera antolatuko dituzte. Sarrerak 3,5 euroan eskuratu ahal izango dira.

  • 1. saioa: Azaroak 4, ostirala, 20:00etan. Hastapenak
  • 2. saioa: Azaroak 6, igandea, 19:00etan. Gudak
  • 3. saioa: Azaroak 11, ostirala. 20:00etan. Hirugarren mundua
  • 4. saioa: Azaroak 18, ostirala. 20:00etan. Ikuspegiak I
  • 5. saioa: Azaroak 20, igandea. 19:00etan. Santiago Álvarez
  • 6. saioa: Azaroak 27, igandea. 19:00etan. Kulturalak
  • 7. saioa: Abenduak 4, igandea. 19:00etan. Perspektibak II
  • 8. saioa: Abenduak 8, osteguna. 19:00etan. Borroka luzeak
  • 9. saioa: Abenduak 17, larunbata. 20:00etan. Besteenak
  • 10. saioa: Abenduak 18, igandea. 19:00etan. Emakumeak
  • 11. saioa: Abenduak 23, ostirala. 20:00etan. Perspektibak III
  • 12. saioa: Abenduak 30, ostirala. 20:00etan. Lente zabala