la-propera-pell-zinea-eus-kritika-02Zuzendaria: Isaki Lacuesta eta Isa Campo

Urtea: 2016

Herrialdea: Kataluinia

Mutil nerabe bat etxera itzuliko da zortzi urtez desagertuta egon eta gero, umezurtz-etxe bateko langile batek haren benetako sendia aurkitu ostean. Leo (Alex Monner) familia eta lagun girora egokituko da pixkanaka, baina bere desagertzeak misterio bat izaten jarraituko du, gazteak ez baitu gertatutakoa gogoratzen. Testuinguru horretan, Leo desagertutako Gabriel ote den zalantza piztuko da.

Arnasa ondo hartu, kezkak zinema aretotik kanpo utzi eta filmean bete betean murgildu, beldurrik gabe, egoera itogarriak itogarri, irudimenari eta barne mamuei inolako mugarik jarri gabe, errealitatera itzultzerakoan osatzeko aukera izango baitugu gero. Hauxe da nire gomendioa Isaki Lacuesta eta Isa Camporen lan biribilarekin gozatzeko/sufritzeko. Leo/Gabriel pertsonaia nagusiak pairatu ohi dituen antsietate krisirik ez dugu izango, baina beraren eta ingurukoen sentimenduak geure egingo ditugu. Erritmo geldoak estu hartuko gaitu, tramak harrapatu eta kamera mugimenduek lekura bertara eraman. Lokalizazioek eta negu giroak atmosfera itogarria nabarmenduko dute, Pirinioen handitasunaren magalean, isolamenduarekin dantzan. Testuinguru horretan, irtenbiderik onena aurkitzea zaila egingo zaie protagonistei, baina bakoitzak azken muturreraino eraman beharko du hartutako erabakia, zalantzei tarterik utzi gabe. Bakoitzak bereagatik borrokatu beharko du, bere bizitzagatik. Biziraupen kontua da.

Ikusleak ere zeresan handia izango du; filmaren beraren biziraupenari dagokionez, kasu honetan. Izan ere, publikoari egokituko zaio puzzlearen piezak osatzea, pelikula amaituta ere. Hortaz, lanak proiekzioak iraungo duen 103 minutuetatik harago jarraituko du bizirik, hipotesiak direla medio.

Istorioa indartsua bada, zer esanik ez aktoreen interpretazioa. Jakina da Emma Suarez eta Sergi Lopezen maila (amarena egingo du lehenak; osabarena, bigarrenak), baina Alex Monner ezezaguna genuen orain arte; Euskal Herrian, behintzat. Kataluinian, 21 urterekin, TV3 telebista kateko Polseres vermelles telesailaren bitartez egin da ezaguna. Rec 3 (Paco Plaza, 2012) filmean parte hartu du, baina pantaila handian ez du protagonista nagusiaren paperik izan orain arte, nahiz eta beldurrezko pelikula hartan rol garrantzitsua jokatu. Bada, Isaki Lacuesta eta Isa Camporen eskutik, ondo baino hobeto erakutsi ditu bere dohainak.

Eta zuzendariak aipatuta, lau begik eta bi buruk emaitza oparoagoa ekarri ohi dutela frogatuko du La propera pell lanak, beti ere talentua dagoenean. Horrela ulertu daiteke bakarrik detaileak horren zainduak egotea, begiraden arteko komunikaziotik hasita kamera mugimenduak arte, soinuaren diseinua ahaztu gabe. Azal bakar bat osatu dute bien artean, eta hurrengoa noiz josiko ote duten irrika zabaldu dute zinemazaleen artean.