Urriaren 14an Oskar Tejedor zinegileak En Transito dokumental berria aurkeztu zuen Donostiako Antzoki Zaharrean. Tejedorren filmak Gipuzkoan bizi diren Nikaraguako hainbat emakumeren istorioak jasotzen ditu, eta emakume horien bizipenek zer pentsatu eragin didate.

Dokumentalean agertzen diren andrazkoak haien familiei ongizate ekonomikoa bermatzeko asmoz etorri dira Euskal Herrira. Maite dituztenengandik urrundu dira etorkizun hobeago baten bila, eta seme-alabak familietako beste emakumeekin utzi dituzte Nikaraguan.

en-transito-oskar-tejedor-amaia-garcia-zinea-eus-01

Dokumentala Tejedorrek berak 2011n aurkeztu zuen Compañeras de Viaje filmaren ondorengoa da. Lan hartan emakumeok bizi duten bilakaera emozionala aztertu zuen, eta bigarren honetan seme-alabekiko harremanean jarri du indarra zuzendari legazpiarrak.

Andrazkoak arduratzen dira ingurukoen zaintzaz, diru-sariaren truke batzuetan, halakorik gabe besteetan. Dokumentalean, behintzat, haiek dira zaintzaileak Atlantikoaren bi aldeetan; Euskal Herrira datozenek bertakoen guraso edo seme–alabak zaintzen dituzte, eta Nikaraguan daudenek ahizpen edo alaben seme-alabekin geratzen dira.  Haur horien aitarik ez da ageri dokumentalean, kasu batean izan ezik.

Ez da errealitate berria, baina plazaratzea derrigorrezkoa da. Egunero ikusten baititugu kalean adineko gizon-emakumeak Ameriketatik etorritako emakumeez lagunduta. Eta gehienetan, ez dugu haien bizimodua nolakoa den pentsatzen, ezta beren etxeetan zer utzi duten ere.

Era berean, haien egoera berean dauden emakumeekin elkartzeko duten beharra agerian geratzen da dokumentalean. Bakarrik dauden bitartean, ez dira ohartzen inguruan dituzten eta haiek bezalaxe sentitzen diren gainerako emakumeez. Baina elkarri laguntzen diote, eta Antzoki Zaharreko aurkezpenean ikusi zen moduan, funtsezko harremanak sortzen dira euren artean, aurrera egiteko ezinbestekoak zaizkienak. Askok Nikaraguara itzuli nahi dute, baina ez dakite noiz izango duten horretarako aukera.

Tejedorrek Bidez bide elkartearen laguntzarekin osatu du dokumentala, eta proiektuaren helburuetako bat Nikaraguan proiektatzea da, aurreko lan Compañeras de viaje lanarekin egin bezala.