Paolo Virzì zinegile italiarraren La pazza gioia (Locas de alegría, 2016) filmak irabazi du 61. Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinema Jaialdiko sari nagusia. Iragan larunbatean, urriak 29, egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta garaileen artean suertatu ziren El ciudadano ilustre (Mariano Cohn eta Gastón Duprat) film argentinarra eta Anna Muylaert zuzendari brasildarra.

Umorea eta istorio gordinak izan dira 61. Seminci jaialdiko protagonista nagusiak. Izan ere, psikiatrikotik ihes egin duten bi emakumeren bidaia pantailaratu duen La pazaa gioia film italiarrak lortu du jaialdiko sari nagusia, eta filmeko aktore nagusiek, Valeria Bruni Tedeschik eta Michaela Ramazzottik, emakumezko aktore onenaren ex aequo saria lortu dute. Iraganarekin eta arazo psikikoekin borroka egin beharko dute, epe laburrerako bada ere, aske sentitzeko.

Zilarrezko saria, ostera, Mariano Cohn eta Gastón Duprat zuzendarien El ciudadano ilustre filmarentzat izan da. Fikziozko Nobel saridun bat da filmeko protagonista; bere sorterrira itzuliko da, Argentinara, eta iraganari ez ezik, talka kulturalari eta intelektualari ere aurre egin beharko dio, umore beltza eta egungo gizarteak sortu dituen mitoen gaineko hausnarketa baliatuta.

Zuzendari onenaren saria, aldiz, Anna Muylaert zinegile brasildarrak jaso du, Mae só há uma (Madre solo hay una) filmagatik. Ez hori bakarrik: Daniel Botelhok gizonezko aktore onenaren saria eskuratu du film horretan egindako lanagatik. Haurra zela lapurtu zutela jakingo duen nerabeak sexu-identitatea nola eraikitzen duen erakutsiko du filmak.

Jaialdiko FIPRESCI saria, azkenik, Anne Fontaineren Les innocentes lanarentzat izan da, hainbat adituren hitzetan, “jaialdiko film serio eta jantziena”. Eta film laburren atalean, Urrezko Ziria Daniel Sánchez Arébaloren Cheimaphobia eta Farnoosh Samadi eta Ali Asgariren Il Silenzio lanek jaso dute, ex aequo.