Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak urtero ematen duen Ohorezko Mikeldi saria Bahman Ghobadi zinegile kurduak jasoko du aurtengoan. Azaroaren 25ean, ostirala, jasoko du garaikurra, jaialdiaren 58. edizioaren itxiera galan.

bahman-ghobadi-zinea-eus

Bahman Ghobadi kurdistanen jaio zen, eta Teherango Iranian Broadcasting Collegen eskolan egin zituen zinema ikasketak. Golbaji (1990), Party (1996) eta The Pigeon of Nader Flew (1997) bezalako film laburrekin hasi zuen ibilbidea, eta 2000. urtean aurkeztu zuen A Time for Drunken Horses izan zen Iranen egindako lehen film luze kurdua.

Ordutik, bere filman nazioarteko jaialdi entzutetsuenetan eskaini dituzte, baita sari andana jaso ere, tartean, Donostiako Urrezko Maskorra Ilargi Erdia (Niwemang, 2006) filmari esker. Dena den, bere lanak ez dira Irango sare komertzialetan banatzen, bertako erregimenak atsegin ez dituen errealitateak salatzen dituelako. Turkia, Siria, Irak eta Iranen bizi diren herritar kurduek jasandako errepresio egoera islatu zuen, esaterako, Rhino season (Fasle kargadan, 2012) filmean.

Bada, Bilboko Zinebi jaialdiak Ghobadi saritzea erabaki du “bere lanaren dimentsio artistiko garrantzitsuagatik, bere herrialdeko askatasunaren aldeko borrokan erakutsitako konpromisoagatik, eta herri kurduaren gizarte eta kulturari buruzko testigantza eskaintzeagatik”. Ohorezko Mikeldi saria azaroaren 25ean emango diote, 20:00etatik aurrera Bilboko Arriaga Antzokian egingo duten itxiera galan. Eta jaialdian A flag without a country (2015) emango dute, Busan eta Sundanceko jaialdietan iaz aurkeztu zuten Ghobadiren filma.