Estreinaldiak: Urriak 28

I, Daniel Blake

Ken Loachen drama sozialak Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu zuen, eta Donostia Zinemaldiko Perlak atalean ikusgai izan zen irailean. Filmeko protagonista Daniel Blake da, 59 urteko arotz ingelesa. Bihotzeko arazoak tarteko, gizarte laguntzak eskatu beharko ditu bizitzan aurrenekoz, nahiz eta administrazioak lana bilatzera derrigortuko duen. Hala, labirinto burokratikoan galduta amaituko du, Rachelek bezalaxe, harrera-etxe batera bidali ez dezaten, Londrestik 450 kilometrora dagoen etxe batera joatea onartuko duen ama gaztea. Film gogorra, baina erabat gomendagarria.

Que Dios nos perdone

Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peñak Donostia Zinemaldiko gidoi onenaren saria jaso zuten iragan irailean Que Dios nos perdone filmari esker. 2011ko udan eta Madrilen girotutako polizia-thrillerra da, krisi ekonomikoak, 15-M mugimenduak eta Aita Santuaren etorrerak aldrebestutako hiriburuan. Alfaro (Roberto Álamo) eta Velarde (Antonio de la Torre) poliziek serieko hiltzaile bat aurkitu beharko dute kasua hedabideetara heldu aurretik, eta erlojuaren kontra egin beharko dute lan.

Maggie’s Plan

Greta Garwig, Julianne Moore, Ethan Hawke, Travis Fimmel eta Bill Hader aktoreak Rebecca Millerren aginduetara jarri dira Maggie’s Plan komedia erromantikoa osatzeko. Maggie (Garwig) irakaslea da, eta gizonekin dituen maitasun harremanek sei hilabete baino gehiago irauten ez dutela ikusita, bikotekiderik gabe ama izatea erabakiko du. Badu emaile perfektu bat, baina John lankideak bere maitasuna aitortuko dio, ezkonduta badago ere. Horrek Maggie plan bat garatzera eramango du. Toronto, New York eta Sundanceko zinema jaialdietatik igaro ostean helduko da filma zinema aretoetara.

Dr. Strange (Doctor Extraño)

Benedit Cumberbatch aktore laudatua Stephen Strange neurozirujauaren azalean sartuko da, Stan Lee eta Steve Ditkoren komini homonimoa pantaila handira eramateko. Scott Derrickson, beldurrezko generoan espezializatutako zinegile amerikarra, da proiektuaren zuzendaria, eta Cumberbatchez gain, Chiwetel Ejiofer, Rachel McAdams, Michael Stuhlbarg, Mads Mikkelsen eta Tilda Swinton, besteak beste, batu zaizkio filmera. Dimentsio magikoen mundu ezkutuan barrena egingo dute bidaia guztiek.

Trolls

DreamWorks Animation etxeak koloretako iledun izaki magiko eta eroen abenturekin filma osatzea erabaki du oraingoan. Izaki zoriontsu eta alaiak dira, Poppy bereziki, trollen liderra. Halako batean, baina, munstro batek troll guztiak hartu eta ezagutzen duten mundutik at eramango ditu, eta Poppy haien bila abiatu beharko da. AEBtan Anna Kendrick, Justin Timberlake, Zooey Deschanel, Russel Brand, James Corden eta Gwen Stefani izarrek, tartean, jarri dizkiete ahotsak pertsonaia nagusiei.

Ouija: Origin of Evil (Ouija: El origen del mal)

Beldurrezko generoan murgilduko gara Mike Flanaganen naturaz gaindiko thrillerrarekin. 60ko hamarkadako AEBtan kokatutako istorioa da. Neska gazte batek eta haren lagunek neskatoaren aitarekin harremanetan jarri nahiko dute ouijaren bidez, eta nahi gabe, izaki gaizto bat esnatuko dute. 2014ko Ouija (Stiles White) filmaren aurrekaria da, eta nazioarteko aldizkarietan oso kritika onak jaso ditu.

Dead Slow Ahead

Mauro Herceren dokumental esperimentala Locarnoko eta Sevillako jaialdietan aurkeztu dute aurten. Fair Lady zamaontziaren erretratua egin du nazioarteko uretan barrena, batetik bestera, dabilen ontziko tripulazioaren egunerokoaren bidez. Senideekin dituzten telefono deiak eta ontziaren engranajeen hotsek girotuko dute gizon filipinarrek osatutako behargin-taldearen bidaia.

Oasis: Supersonic

Amy dokumentalaren sortzaileek 90eko hamarkadako Oasis talde mitikoari buruzko dokumentala aurkeztuko dute aste honetan, Noel eta Liam Gallagher anaiak protagonista dituena. Drogekiko mendekotasuna, anaien arteko liskarrak eta musika genero ezberdinen gaineko iritziak izango ditu aztergai dokumentalak, Matt Whitecrossen eskutik.

La madre

14 urteko Miguel zerbitzu sozialen zaintzapean dago. Bere amak ez du lanik, eta arazo pertsonalak tarteko, ezin da mutikoaz arduratu. Horregatik, bere maitale ohi Bogdanen etxera joatera behartuko du gaztea. Eta egun batetik bestera, baina, ama desagertu egingo da. Alberto Moraisek gidatutako drama.