ZINEBI jaialdiaren egitarauaren baitan, EPE-APV Euskal Produktoreen Elkarteak ekoizle, ikasle eta irakasleen arteko elkarlana sustatzeko Working Zinema saioa antolatu zuten iaz lehen aldiz Bilboko Campos Elíseos antzokian, eta 6.000 euroko laguntza eman zioten proiektu bati, ekoizpena aurrera ateratzeko. Bada, aurten  azaroaren 21ean egingo dute bigarren saioa, eta iaz lagundutako proiektua ikusteko aukera izango da.

networking-zinema-zinebi-zinea-eus-02

Emanaldiak, solasaldia eta networking aholkularitza saioa izango dira azaroaren 21eko Working Zinema jardunaldiko egiteko nagusiak. Izan ere, aurtengo proiektuak lantzeko ez ezik, iazko egitasmo saritua eta ekoizpen bide alternatiboak erabiliz, Malagako Zinemaldiko film onenaren garaikurra eskuratu duen filma ikusteko aukera ere izango da. Zinema ikasleak eta ikus-entzunezko profesional adituak harremanetan jartzea, eta batzuen ezagutza besteen proiektuetan aplikatzea dira EPE-APVk Zinebi jaialdian antolatutako tailerraren helburu nagusiak, eta horretarako, izen-ematea zabaldu dute azaroaren 14ra bitarte.

Egitaraua:

10:00etatik 14:00etara, Jules D. laburra (Working Zinema sariari esker aurrera ateratako lehen lana, Norma Villarena) eta Callback filma (Carles Torrasena, Malagako jaialdiko irabazlea) eskainiko dituzte lehenik, eta ostean, sortzaileekin hitz egiteko aukera izango da. Sarrera librea izango da.

16:00etatik 20:00etara, ostera, networking eta aholkularitza saioa egingo dituzte. Aukeratutako proiektuen ordezkariak eta proiekturik ez duten baina aurrez izena eman duten lagunak izango dute sarbidea. Horrez gain, Filmarket Hub online plataforma eta DigiPen Europa-Bilbo Teknologia Institutua ezagutaraztekko hitzaldiak egingo dituzte.

Kontuan izan networking saioan aurkeztutako proiektuetako batek 6.000 euroko laguntza eta baliabide teknikoak jasoko dituela proiektua aurrera atera ahal izateko. Beraz, ez aukera galdu!