Pantaila beltza ez da nolanahiko irudia zineman: lengoaia zinematografikoan baditu bere leku espezifiko eta ezarriak; filmaren hasiera eta amaiera adierazten ditu, adibidez, pertsonaiaren heriotza edo lo hartzea, efektu espresibo ohikoa ere bada, eta abar, eta abar.

Baina pantaila beltza beste ezer ere izan daiteke. Beltza zinemaren izaeran bertan dagoen irudia da. Izan ere, arrazoi teknikoengatik, fotograma baten eta haren ondorengoaren artean beti dago beltz bizkor, ezkutu bat; ikusezin, behin eta berriro errepikatzen den beltza. Zentzu horretan, pantaila beltza zinemaren irudi jatorrizkoena eta antzinakoena dela esan liteke.

Bizitzako gauza gehienak ezin direla esan zioen Rilkek, hitz batek ere oinkatu ez duen lekuan gertatzen direla. Irudiei buruz halako zerbait pentsa liteke. Bizitzako gertakizun garrantzitsuenak irudiek urratu gabeko txokoetan jazotzen direla. Hemen topatzen du beltzak, azkenean, bere benetako izaera. Zinemaren lengoaiaren edo teknikaren mekanikatik atera eta, fantasma baten moduan, ezkutuan dagoena erakustea lortzen du. Pantaila beltzak irudikatzeko gaitasun eza adierazten baitu zineman: irudi falta adierazten duen irudia.

Eta irudiek atzeman ezin dezaketen guzti horren artean iheskorrena haurtzaroa da, agian. Garai beltzena, hitzek eta irudiek gutxien azaldu dezaketena. Misteriorako, isiltasunerako eta fantasiarako lekua baita haurtzaroa.