Larunbat iluntzean, urriak 22, egin zuten Euskal Zine Bileraren itxiera eta sari-banaketa ekitaldia, eta film onenaren sari nagusiak Natxo Leuzak, profesionalen atalean, eta Koldo Garcia eta Maite Bidartek, amateurrenean, eskuratu zituzten, N’Diawaldi Bouly eta Karta Astrala lanengatik, hurrenez hurren.

Jendez lepo zegoen larunbatean Lekeitioko Ikusgarri zine aretoa. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Edu Barinaga Euskal Telebistako zuzendaria, eta beste hainbat aurpegi ezagun, tartean, Tesa Andonegi, Sara Cozar eta Asier Hormaza aktore eta epaimahaikideenak, bildu ziren Euskal Zine Bilera jaialdiaren 39. edizioko sari banaketa ekitaldiaz gozatzeko.

euskal-zinea-bilera-01-zinea-eus

Argazkia: Eneko Zuberogoitia

Orotara hamabi sari banatu zituzten bi kategorietan. Eta film onenaren sari nagusia, profesionalen kategorian, Natxo Leuzarentzat izan zen, N’Diawaldy Bouly film laburragatik. Izen bereko Mauritaniako herrixkako eguneroko bizitza du aztergai lanak. Amateurren kategorian, ostera, Koldo Garcia eta Maite Bidartek zuzendutako Karta Astrala izan zen garaile; krisialdi bat igarotzen ari den Maite da filmeko protagonista. Badaki pertsona batek lagun dezakeela egoera horretatik irteten, eta ez du amore emango pertsona hori aurkitu arte.

euskal-zinea-bilera-02-zinea-eus

Gainerako sarien irabazleak:

Zuzendaritza onenaren saria:

  • Amateurra: Felipe Ugarte, Hasiera
  • Profesionala: Jorge Gil Munarriz, Xinta Dantza

Ekoizpen onenaren saria:

  • Amateurra: Joxean Coya Ayudán, Korronteari aurre. Euskal baleazaleak Islandian
  • Profesionala: Natxo Leuza, N’Diawaldy Bouly

Gidoi onenaren saria:

  • Amateurra: Koldo Garcia eta Maite Bidarte, Karta Astrala
  • Profesionala: Begoña Vicario, Beti Bezperako Koplak

Argazi onenaren saria:

  • Amateurra: Sergei Sobera, Euphoria
  • Profesionala: Jorge Gil Munarriz, Xinta Dantza

Gazte 22 saria: eneko Zuberogoitiaren 280º

Antzar Morea Saria: Begoña Vicarioren Beti Bezperako Koplak