Abenduaren 9tik 18ra luzatuko den bederatzigarren Bilbao Mendi Film Festivalak aurtengo Sail Ofizialean lehian ariko diren 43 filmen izenak aditzera eman ditu. Hamalau herrialdetako ekoizpenak dira, mendiarekin lotura duten kirolen ingurukoak, eta horien artean lauren mundu mailako estreinaldia izango da Bilbokoa.

bilbao-mendi-film-festival-zinea-eus-2016

Mendizaleek, arriskuzko kirolak atsegin dituzten lagunek, eta oro har, zinema gustuko duten abenturazaleek falta gabe egiten dute urtero erromesaldia Bilbora, abendu hasierako Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaz gozatzeko. Aurtengoan 150 lan jaso dituzte antolatzaileek, iaz baino hogei gehiago, eta horien artean 43 hautatu dituzte Sail Ofizialean lehian aritzeko. Lanen kopurua ez ezik, kalitatea ere urtez urte igotzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta ondorioz, aukeraketa inoiz baino zailagoa izan dela.

Hamalau herrialdetako ordezkariak izango ditugu, beraz, aurtengo jaialdiak. Bertako 11, AEBtako bederatzi, Erresuma Batuko zazpi, Kanadako eta Suitzako hiruna lan, Austria eta Frantziatik etorritako bina, eta Argentina, Txile, Belgika, Eslovakia, Zeelanda Berria eta Errumaniako ordezkari bana. Zerrenda osoa kontsultatzeko, sartu Mendi Film Festivalen orrialdean.

Film horien artean lau Bilbon estreinatuko dituzte; Europan estreinatu gabeko hamar lan ere eskainiko dituzte, eta gurean ikusteke dauden 11.

bilbao-mendi-film-festival-zinea-eus-2016-01

Sail Ofizialetik kanpo, baina, beste hiru lan aurkeztuko dituzte: A Girl in the River: The Price of Forgivenes (Sharmeen Obaid-Chinoy) film laburra, Incognita Patagonia (Eñaut Izagirre, Ibai Rico eta Evan Milles) dokumentala eta Akabuko Martxea (Fredi Paia eta Aitor Gisasola) dokumentala. Jaialdiaren programa azaro erdian emango dute argitara, eta abonu eta sarrerak ere orduan jarriko dituzte salgai.

Bost laguneko epaimahaia

Aurtengo epaimahaia Jon Garaño zinegile euskaldunak, Pawel Wyscoczanski zinegile poloniarrak, Billy Choi programatzaile hegokorearrak, Silvo Karo zinegile eta alpinista esloveniarrak eta Helios Gracia Coupe Icare jaialdiko antolaketa taldeko kide frantziarrak osatuko dute.

Baina urtero legez, emanaldietatik haratagoko egitaraua ere eskainiko du jaialdiak, eta besteak beste, Alex Txikon eta Ali Sadparak iragan neguan egin zuten Nanga Parbateko neguko igoerari buruzko aurkezpena egingo dute, Elikadura eta mendia eta Osasuna mendian izeneko ikastaro bana eskainiko dute, eta bi argazki erakusketa ere jarriko dituzte.