27. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 29tik azaroaren 4ra luzatuko da, eta sekula baino egitarau zabalagoa izango du, emanaldietatik haratago. Gainera, bi euskal film lehiatuko dira sail ofizialean: Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal eta Roberto San Sebastiánen La noche del virgen.

fantasia-beldurrezko-zinemaren-astea-zinea-eus

“Sekula baino jaialdi japoniarragoa izango da, inoiz baino transbertsalagoa, eta euskal ekoizpen zein emanaldien presentzia zabalagoa izango duena”, azaldu du Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak. Gaur, urriak 20, egin dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Astearen aurkezpen ekitaldia Victoria Eugenia antzokian, eta jaialdiaren programa ez ezik, gainerako erakusketa, topaketa eta mahai-inguruak ere aditzera eman dituzte.

Urriaren 29an, larunbata, KonitxiWalk saioarekin hasiko dute jaialdia. Bulebarreko kioskoan makillajeko standa, zuzeneko ikuskizunak, eta mozorroen martxa egingo dituzte 16:00etan hasi eta iluntzera arte. 19:00etan Antzoki Zaharrean Godzilla Resurgence (Shin Gojira, 2016) filma eskainiko dute inaugurazio ekitaldian, eta hilaren 4an, ostirala, 20:00etan Swiss Army Man (Daniel Scheinert, 2016) film bereziarekin itxiko dute jaialdia.

https://youtu.be/CcFjPKNXFQA

Sail ofizialean 22 film lehiatuko dira, tartean, bi euskal film: Haritz Zubillaga bilbotarraren El ataúd de cristal, Sitgesko jaialdian aurkeztu berri dutena, eta La noche del virgen, Roberto San Sebastiánen beldurrezko komedia berezia.

Lehenak Amanda izeneko aktorea du protagonista; sari bat jasotzera joan beharko du, eta galara eramateko jasoko duen limusina, bat batean, xagu-tranpa bilakatuko d. Izan ere, ezingo ditu ateak zabaldu, kristalak ilundu egingo dira, eta mugikorra koberturarik gabe geratuko zaio. Hortik aurrera, ahots batek emandako aginduak bete beharko ditu, gauza ezatseginak gertatu ez daitezen.

La noche del virgen filmeko pertsonaia nagusia, ostera, Nico izango da. Birjintasuna galdu nahiko du Urtezahar-gauean, eta emakume heldu baten apartamentura joango da. Baina bertan gauzak ez dira espero bezalakoak izango, eta odol, izerdi eta denetariko fluxuz nahastuta amaituko du.

Euskarazko ekoizpen gehiago

Horrez gain, Espainiako film laburren kategorian, beste bi euskal film lehiatuko dira: Kepa Sojo zinegilearen Hileta (aurtengo Kimuak katalogorako hautatua izan zena), eta Norma Vilaren Jules D., Haritz Zubillagak ekoitzitakoa.

Haurrentzako bi emanaldi ere egingo dituzte, biak euskaraz, gainera. Lehena Teresa eta Galtzagorri izango da, Agurtzane Intxaurragarena, eta bigarrena Lotte eta harri bitxien sekretua, Heiki Ernits eta Janno Poldma estoniar-letoniarrena.

Fantasiazko Japonia, XXI. mendea

EU-Japan Fest Fundazioaren babesari esker, eta Donostia 2016rekin koordinatuta, Japoniako zinearekin lotutako ziklo berezia egingo dute. 2000 urteaz geroztik ekoitzitako bederatzi film japoniar eskainiko dituzte, eta bertako sei zinegile ere etorriko dira Donostiara. Gainera, urtero Fantasiazko eta Beldurrezko Zinearen Asteko liburu-bildumaren baitan, argitalpen berri bat aurkeztuko dute, Daniel Aguilar eta Antonio José Navarrok kudeatu dute idazketa.

Era berean, jaialdia Gipuzkoa osora zabaltzeko, erakusketa bat eta hainbat emanaldi egingo dituzte Irunen eta Zumarragan, eta urriaren 30ean, igandea, Fantasiazko Japonia zikloaren baitako mahai-ingurua egingo dute San Telmo Museoan. Tomoo Haraguchi, Shinji Higuchi, Norubo Iguchi, Yoshikazu Ishii eta Minoru Kawasaki.