Little Men

Ira Sachs AEBtako zinegile independente arrakastatsuen taldeko kide bilakatu da azken urteetan osatu duen trilogiari esker. Little Men sorta horretako hirugarren filma da, eta Berlinen lehiatu ostean, Donostia Zinemaldian izan zen ikusgai. Bi mutiko dira filmeko protagonistak; New Yorkeko Brooklyn auzoko etxebizitza batean bizi dira biak, baten gurasoek bestearen amari beheko lokala alokatuko diotelako. Oso harreman ona izango dute, baina gurasoen arteko tira-birek eragin zuzena izango dute haiengan.

Quand on a 17 ans (Cuando tienes 17 años)

André Téchiné zinegile frantziar ezagunaren film berria ere Berlindik igaro ostean helduko da gurera. Damien Frantzia hego-ekialdeko kuartel batean bizi da amarekin, aita soldadua Afrikan baitago misio batean. Bertako eskolara joaten da, baina arazoak ditu Tom izeneko gaztearekin. Haren adopziozko ama gaixo dago, eta egunero bi ordu egin behar ditu oinez eskolara. Damien jazarriko du, gaztea homosexuala delako, eta bi gazteen arteko gorrotoa areagotu egingo da Damienen amak Tom etxean hartzea erabakiko duenean, laguntzeko. Nerabezaroa eta homosexualitatea aztergai dituen drama gogorra.

The Girl on the Train (La chica del tren)

Paula Hawkinsen eleberri homonimo arrakastatsuaren zinemarako egokitzapena egin du Tate Taylor zinegile estatubatuarrak. Emily Blunt aktorea Rachel protagonistaren azalea sartu da, maitasuna eta indarkeria uztartzen dituen thriller psikologikoan. Goizero Londresera joango da trenez Rachel, eta bidean, gustuko duen etxe bat ikusiko du egunero. Bertan bizi den bikote itxuraz perfektuarekin amets egingo du, eta haien bizimodua nolakoa den imaginatuko du. Egun batean, baina, gertaera lazgarri baten lekuko izango da trenetik, eta horrek bizimodua aldatuko dio, egiten, pentsatzen eta sentitzen duen oro zalantzan jartzeraino.

The Accountant (El contable)

Gavin O’Connorren eskutik, halaber, asteko bigarren thrillerra helduko zaigu AEBetatik: Ben Affleck progatonista duen The Accountant. Affleck Christian Wolff izango da, kontulari eta matematikari azkarra. Pertsona lasaia, ordenatua eta antisoziala da, zenbakiekin pertsonekin baino harreman hobea duena, baina era berean, hiltzaile errukigabea.

La propera pell (La próxima piel)

Isaki Lacuesta eta Isa Camporen familia giroko drama. Malagako zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta lau sari jaso zituen, tartean, Epaimahaiaren Sari Berezia. Zortzi urtez desagertuta egon ostean, mutil gazte bat (Álex Monner) etxera itzuliko da. Pixkanaka, desagertutako haurra den ala iruzurti bat ote den zalantzan jarriko dute senideek.

14.000km El camino del Anántapur

Fran Ventura telebistako errealizatzailearen dokumentala Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan eskainiko dute bihartik aurrera. 2014an egindako bidaia kontatuko du lanak, Madrildik Indiaraino joan baitzen bertako haurrei 120 bizikleta entregatzeko. Hamabost herrialde zeharkatu zituen eta 14.000 kilometro egin zituen Vicente Ferrer Fundazioaren laguntzarekin.

Mike and Dave Need Wedding Dates (Mike y Dave buscan rollo serio)

Asteko komedia zoroa. Zac Efron eta Adam DeVine bi anaia festazale izango dira. Iragarki bat jarriko dute Interneten ezkontza baterako bikotekideak topatzeko, eta hautatuko dituzten bi gazteak guztiz kontrolaezinak izango dira. Jake Szymanskik zuzendu du filma.