Kalebegiak
Aurtengo Donostia Zinemaldian arrakastaz estreinatutako lana, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak ikus-entzunezko alorrean garatutako proiektu nagusia da orain zinemetara heldu dena. Bertan, hainbat euskal zinegilek hartu dute parte eta Donostiari buruzko film labur bana osatu dute, bederatzi guztira. Horrez gain, beste hiru lan, deialdi ireki baten bidez aukeratu dituzte, beraz, hamabi film laburrez osatutako lana da Kalebegiak. Filmen arduradunak honakoak dira: Asier Altuna eta Telmo Esnal, Isabel Herguera eta Izibeñe Oñederra, Gracia Querejeta, Daniel Calparsoro, Maria Elorza eta Maider Fernandez, Iñaki Camacho, Ekain Irigoien, Luiso Berdejo, Koldo Almandoz, Borja Cobeaga, Julio Medem eta Imanol Uribe. Hamar minutu inguruko iraupena du lan bakoitzak, eta aniztasuna eta bizikidetza aztertzen dituzte, Donostia hiriarekin batera.
Ozzy
Alberto Rodriguezek zuzendutako animaziozko eta umorezko filma, Espainiaren eta Kanadaren arteko koprodukzio bat da. Bertan, Ozzy izeneko Beagle arrazako zakurra da protagonista. Bera erregeen pare bizi da bere egunerokotasuna aldatuko duen zerbait gertatu arte: bere jabeek bidaia bat egingo dute eta Ozzy berarekin eraman ezin dutenez, luxuzko bainuetxe batean utziko dute. Baina bainuetxea Robbins izeneko maltzurrak zuzentzen duen zakurrentzako kartzela izango da, eta hor hasiko da Ozzyren amets gaiztoa. Filma euskaraz ikusteko aukera izango da Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez.
Fuocoammare (Fuego en el mar)
Gianfraco Rosi zuzendari italiarrak Lampedusa uhartean kokatu du bere azken lana. Bertara milaka etorkin ailegatzen dira urtero. Afrika atzean utzi nahian beste hainbeste itota hiltzen dira Mediterraneoan. Giro horretan hazi da Samuel, 12 urteko mutil bat. Bere inguru guztia itsasoari begira bizi arren, berari lurrarekin zerikusia duten jokoak gustatzen zaizkio. Zinemaldiako Perlak sailean egon den pelikula honek, Berlinen Urrezko Hartza irabazi du. Gainera, David di Donatello sarietan lau izendapen lortu zituen iaz.
Snowden
Irailaren bukaeran Donostiako Zinemaldian izan ziren Oliver Stone zuzendari estatubatuarra eta Joseph Gordon-Levitt aktorea euren azken lana aurkezten. Stone, Anatoly Kucherenaren (Edward Snowden abokatua) liburuan oinarritu da azken urteetako espia ezagunaren historia kontatzeko. Pelikulan, Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) mundu mailako zaintza-programaren dokumentuak publiko egin ondoren, pasa zirenak azaltzen dira.
Inferno (Infierno)
Dan Brown idazlearen azken lanaren adaptazioarekin dator Ron Howard zuzendari estatubatuarra. Infernon, Tom Hanks aktorea Robert Langdon irakaslearen azalean sartzen da berriro. Europa osoan kokatutako misteriozko historia honetan pistak, Dante, amnesia eta mediku bat (Felicity Jones) izango dira protagonista.
L’èconomie du couple (Despúes de nosotros)
Joachim Lafosse zuzendari belgikarra L’èconomie du couple (Despúes de nosotros) filmarekin dator aurten. Bertan, María eta Borisen gorabeherak aztertzen ditu. 15 urte elkarrekin pasatu ondoren, bakoitzak bere bidea egitea erabaki dute. Arazo ekonomikoak direla medio etxe berdinean jarraitu behar dute. Lafossek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Zinemaldian, Les chevaliers blancs (Los caballeros blancos) pelikulagatik.
Sabrás qué hacer conmigo
Mexikotik amodioa eta drama uztartzen dituen historia bat eskaini digu Katina Medina Mora zuzendariak. Nicolás epilepsia duen argazkilaria da eta Isabel bizitza lasaia daraman emakumea da. Baina gauzak ez dira ematen duten bezalakoak eta biak ezagutu ahala poliki-poliki konplikazioak agertzen joango dira.