Urtea: 2015
Herrialdea: Frantzia
Fatah (Fatsah Bouyahmed) Aljeriako herrixka batean bizi da, Naïma emaztearekin (Hajar Masdouki) eta alabekin, bere bizitzako ametsa noiz beteko zain. Hain zuzen ere, Pariseko Nekazaritza Azoka entzutetsuan parte hartzeko irrikan dago, bere begietako Jacqueline behi dotore eta leialarekin batera. Egun batean, gutun bat iritsiko da herrira, azokara joateko gonbidapenarekin. Baserritar aljeriarrak ez du birritan pentsatuko, eta, Marseillara itsasontziz iritsi eta gero, Frantzia zeharkatuko du Jacquelinerekin, Parisera iristeko xedearekin.
Atsegina da oso Mohamed Hamidi zuzendariaren bigarren lana. Bere opera prima Né quelque part (2013) filmean bezala, Aljeria eta Frantziako kulturen arteko aldea agerian geratuko da, baina, kasu honetan, ez du desberdintasunean sakonduko, apropos, komedia zuri eta dibertigarri bat proposatzeko helburu hutsa besterik ez baitu izango. Asmo horretatik abiatuta, ikuslea gustura irtengo da zinema aretotik, haur batek ipuin gogoangarri bat irakurri ostean geratu ohi den bezain asebeteta. Izan ere, La vache ipuin bat dela esango nuke. Road movie gisa definitu dute ofizialki, baina alegia bat dela esatea aproposagoa iruditzen zait, lanaren espiritua kontutan hartuta.
Fatah eta Jacquelinek egingo duten bidaian topaketak izango dira nagusi, eta bizipenak atseginak izango dira, ipuinetan gertatu ohi diren azken txanpako estualdi eta oztopoak salbu. Sinpletasun horretan mugituko da filma, eta sinpletasun horrek bereganatuko du publikoa, pertsonaia nagusiaren izaeraren isla. Fatahren kemenak, energiak eta umoreak gainontzekoa egingo dute harekin behin betiko lerrokatzeko. Azken finean, Parisera iristeko erronka bere egingo du ikusleak, pelikulan azalduko diren jarraitzaile sutsuek egingo duten bezala.
Ipuinen moduan, laguntzaileak izango ditu bere misioa betetzeko; Hassan koinatua (Jamel Debbouze) eta zorrez gainezka dagoen Philippe kondea (Lambert Wilson), tartean. Biak ala biak ezinbestekoak izango dira fikziozko erronka zein helburu zinematografikoa erdiesteko. Baserritarrak artistak topatuko ditu geldiuneetako batean, beste klasiko bat ipuinei dagokienez. Zirkoaren pasartean, gainera, ustez printzesa azalduko zaio Fatahi, “udare likorearen erruz”.
Nabarmentzekoa da zuzendariaren zintzotasuna. Ez du inongo dominarik zintzilikatuko, jatorriko istorioaren sortzaileari begi-keinu zuzena egingo baitio pelikulan bertan; Henri Verneuil zinemagile frantziarrari, hain justu. La vache et le prisonnier (1959) da filmaren aurrekaria, Fernandel aktore mitikoaren eskutik, eta hala adieraziko du kondearen etxeko eszenaren bitartez. Zinema, zinemaren barruan. Margarita Jacqueline izango da oraingoan, eta iheslari frantziarraren lekua Aljeriako baserritarrak hartuko du. Aldea badago, baina, finean, helburua bera da: une atsegina igaroarazi, desberdintasunak desberdintasun, gatazkak gatazka.