Tinko Euskara Elkartearen ekimenez, Donostiako hainbat ikastetxetako hiru eta hamasei urte arteko haur eta gazteak, 8.000 inguru, zinemara joango dira eskola orduetan, haientzat bereziki prestatutako dozena erdi film ikustera. Zinemara joateko ohitura eta filmak euskaraz ikusteko aukera eskaini nahiz zaizkie horrela gaztetxoei.
1993az geroztik, haur eta gazteentzat egokiak diren nazioarteko film ezagunak euskaraz eskaintzeko lanean dihardu Tinko Euskara Elkarteak. Iaztik, Donostia Kulturaren babesa jasotzen du programa aurrera eramateko (aurretik Donostiako Udaleko Euskararen Ataletik jasotzen zuen laguntza), eta ekimena abian jarri zutenetik, 500.000tik gora ikusle izan dituzte Gipuzkoako hiriburuan.
Aurtengoan, 2016ko urritik 2017ko maiatzera bitarte, zortzi film proiektatuko dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean: Pim eta Pom (Gioia Smid, 2014), Freddy Igeldegi (Orla Frøsnapper, 2011), Agur Esatea (Matt Richards, 2012), Bram Barrabas (Anna van der Heide, 2012), Yugo eta Lala (Wang Yunfei, 2014), Jostunak (Eriz Zapirain, 2014), Oker (Stuart McDonald, 2015) eta Koko Dragoi Txikia (Hubert Weiland eta Nina Wels, 2014).
Adin eta talde ezberdinetara egokitutako saioak izango dira, eta zinema aretotik atera ostean, gaztetxoek ikasgelan landu beharreko materiala izango dute. Hala, elkartasuna, talde-lana, familia, animaliekiko maitasuna, ingurugiroarekiko errespetua, eta beste hainbat gai izango dituzte aztergai.