Goya Sarien 31. edizioa 2017ko otsailean egingo dute, oraindik data zehatza ezagutzera eman ez duten arren, eta Ohorezko Goya Ana Belén kantari eta aktoreak jasoko du. Film laburrak eta Iberoamerikako lanak aurkezteko epea iragan irailaren 30ean amaitu bazen ere, fikziozko filmen, animaziozko filmen eta dokumentalen kategorietara lanak aurkezteko epea urriaren 14an, ostirala, itxiko dute.

goya-sariak-2017-deialdia-zinea-eus

Espainiako zinemaren sari nagusiak dira urte hasieran banatu ohi dituzten Goya sariak. Iazko edizioko euskal hautagaien artean, Un otoño sin Berlín (Lara Izagirre, 2015) filmean egindako lanagatik emakumezko aktore berri onenaren saria jaso zuen Irene Escolarrek, eta Axel O’Mill  eta Patxi Urizen Hijos de la tierra saritu zituzten, azken hori, film labur dokumentalen kategorian. Horrez gain, Iraia Elias (emakumezko aktore berri onenaren kategorian, Amama -Asier Altuna- filmean egindako lanagatik), Negociador (Borja Cobeagaren filma, gidoi original onenaren kategorian), eta Yoko eta lagunak (Juanjo Elordi eta Rishat Gilmetdinov, animaziozko film onenaren kategorian) izan ziren hautagaien artean.

Bada aurtengo ediziora film luzeak (animaziozkoak, fikziozkoak zein dokumentalak) aurkezteko deialdia zabalik da uneotan, urriaren 14ko, ostirala, 14:00ak arte. Izena eman nahi dutenek, aldez aurretik Zinearen Akademiako arduradunekin harremanetan jarri beharko dute premiosgoya@academiadecine.com helbidean edo 91 593 46 48 telefonoan.

Ondoren, Kredituen Inprimaki Ofiziala inprimatu, orrialde guztiak sinatu, zigilua jarri, eta gainerako dokumentuekin bidali beharko dute aipatutako dataren aurretik. Beraz, komendi da interesatuek eskaera lehenbailehen egitea. Deialdiaren oinarriak.