elle-kritika-aritz-sorzabal-zinea-eus-02Zuzendaria: Paul Verhoeven

Urtea: 2016

Herrialdea: Frantzia

Michèle (Isabelle Huppert) bideo-joko enpresa bateko arduradun arrakastatsua da, baina bere bizitza zeharo aldatuko da, etxean ezezagun baten sexu erasoa pairatu eta gero. Mendeku bila hasiko da, bere erara. Donostia Zinemaldian proiektatu zuten, Perlak sailean.

Paul Verhoevenek zuzendutako filmak ez du inor axolagabe utziko, izenburutik bertatik hasita. Elle leloak berak gogoeta egiteko bidea zabalduko du: ez dakigu Michèle protagonista nagusiari buruz ari den, filmeko familia desegituratuei buruz ala pelikulan azalduko diren emakumeei buruz. Ikusleak erabakiko du izenburua zein istorioarekin lotu; hori bai, aukerak aukera, ez dago oharkabean pasako den tramarik. Guztiek dute bizitza propioa, eta guztiek egingo dute bat; modu aztoragarrian, gehienetan. Hain zuzen ere, publikoak ez du ihesbiderik izango, eta iritzi bat osatuko du halabeharrez, lana gustukoa izan ala ez. Helburua kontzientziak astintzea da; onerako edo txarrerako, pelikulari buruz hitz egin dadila, alegia. Verhoevenen marka da hori, eta, momentuz, asmatu du: Oscar sarietan Frantzia ordezkatuko du Elle lanak. Agian, hainbeste itzuli eman eta gero, gauzak sinpleagoak dira, eta izenburua pelikula berari buruz ari da.

Bada, adjektibo asko etortzen zaizkit burura filma deskribatzeko: politikoki desegokia, maltzurra, krudela, iluna… Guztiek konnotazio ezkorra dute, zuzendariak hala erabakita, deseroso sentiarazi nahi baitu ikuslea. Horretarako, giro itogarri bat eraikiko du, Isabelle Hupperten laguntza oparoarekin. Aktore frantziarra maisuki sartuko da Michèlen larruan, eta zenbait unetan La pianiste filmeko (Michael Haneke, 2001) piano irakaslea ekarriko digu gogora. Foko guztiak harengan zuzenduko dira, baina ez litzateke bidezkoa izango gainontzeko emakumeen lana goraipatuko ez bagenu. Michelen ama Irenek (Judith Magre) aipamen berezia merezi du, drama areagotzeaz gain, komedia beltzan ere bere alea jartzeagatik. Bitxia da. Virginie Efiraren irudia baliatu du zuzendariak filma iragartzeko, aktoreen zerrendan hasieran kokatuta, baina Rebeccaren papera, txukuna izan arren, bigarren mailakoa izango da. Hortaz, lehen mailako aktorea izan arren, lanak ez du belgikarraren beharrik izango goia jotzeko, gainontzeko aktoreen maila altuaren isla. Itzal egingo diote, eta albiste bikaina izango da hori, aktoreek eurek egingo baitute sinesgarri Elle, pertsonaien pelikula bat delako, istorio edo trama korapilatsuen gainetik.

Eta horretan, gizonezkoek ere izango dute zeresanik, beste maila batean bada ere, protagonismoari dagokionez. Erasotzailea gizonezkoa izango da, baina bera eta gainontzeko gizonezko aktoreak tresna hutsa baino ez dira izango istorioek aurrera egin dezaten. Edo atzera, zinema aretotik irten ondoren, ez baitut oso garbi zein den irabazlea eta zein galtzailea; sufrimendua amaitu den ala ez. Verhoeven pozik egongo da gero, jakitun baita, ur nahasietan, bera irten ohi dela irabazle.