Donostia Zinemaldira hurbiltzeko (ez soilik datari dagokionean, baita harreman pertsonalei begiratuta ere) egin duten ahalegina, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren parte hartzea, jaialdiaren kartela aukeratzeko lehiaketaren irabazlea, Benito Ansola Bekaren emaitza berria eta (H)emen her(e) elkarteak kudeatuko duen Berbaldia izan dira Euskal Zine Bileraren edizio berriko aurkezpenean nabarmendutako alderdiak.
Atzo, urriak 4, prentsaurreko agerraldia egin zuten Bilbon Euskal Zine Bileraren jaialdia aurkezteko. Bertan izan ziren Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, Onintze Ituiño BBKko proiektu kulturalen arduraduna, Aritza Escandon Euskaltzaleen Topaguneako kidea, Joseba Zuberogoitia Euskal Zine Bileraren antolaketaz arduratzen den lantaldeko kidea, Izaskun Arandia (H)emen her(e) elkarteko zuzendaria, Imanol Otaegi Donostia 2016ren enbaxaden arduraduna, eta Tessa Andonegi aktorea eta aurtengo epaimahaiko kideak.
Jaialdiaren edizio berriaren alderdi ezberdinak nabarmendu dituzte, aurkeztutako lanen maila eta kopurutik hasita, emakumeek ikus-entzunezkoetan duten ikusgarritasunaren inguruko eztabaida sortzeko helburuarekin egingo duten Berbaldiraino.
Izan ere, ekitaldiaren aurretik aurreratu bezala, aurtengoan 32 lan lehiatuko dira profesional zein amateurren kategorietan. Fikziozko lanak izango dira nagusi, Zuberogoitiak azaldu duenez, eta eguneroko bizitzako errealitateekin lotura dutenak. Baina ikus-entzuleek denetarik topatuko dute.
Jaialdia urriaren 16tik 22ra luzatuko da, eta aldaketaren arrazoi nagusia, negu giro hotz eta gordinetik urruntzeaz gain, Donostia Zinemaldiara hurbildu nahia izan da. Izan ere, azken urteetan Zinemaldian aurkeztu dituzte euskal ekoizpen garrantzitsuenak, eta horiek zinemetara zein beste jaialdietara heldu aurretik, Euskal Zine Bileran ere eskaintzea komenigarria dela uste dute antolatzaileek. Gainera, Donostia Zinemaldiarekin zuzeneko harremana landu dutela adierazi du Goitiak, eta hartu-emana oso ona dela.
Alejo Moreno Sainzen kartela eta estreinaldiak
Aurten aurrenekoz antolatu duten kartel lehiaketako irabazlea, halaber, Alejo Moreno Sainz izan da. ‘Kako’ gaia oinarri bezala hartuta, euskal ekoizpenak Lekeitiora bertaratzen dituen amua irudikatu du irudian, eta 1.000 euroko saria jaso du.
Emanaldiei dagokienez, bi estreinaldi garrantzitsu egingo dituzte jaialdian. Batetik, Iratxe Mediavilla elorriotarraren Argi filma; urriaren 16ko inaugurazio ekitaldian aurkeztuko dute, eta Frankismoaren amaierako urteetara eramango gaitu, euskararen ezkutuko erabilera eta neskato baten ametsak erakusteko.
Horrez gain, Euskaltzaleen Topaguneak kudeatzen duen Benito Ansola Bekaren emaitzaz gozatzeko aukera ere izango da urriaren 20an, osteguna. Irati Cano Alkain donostiar gazteak 3.000 euroko diru-laguntza jaso zuen iaz Leihoak proietua gauzatzeko. Escandonek azaldu duenez, 11 minutuko film labur esperimentala da, eta pareko eraikinean bizi diren lagunen bizimodu imaginarioa irudikatuko du, irudia eta ahotsa erabilita.
Kontxu Odriozolari omenaldia
Gainera, iragan otsail hasieran zendu zen Kontxu Odriozola aktore azpeitiar ezagunari ere omenaldia egingo diote jaialdian. Horretarako, urriaren 21ean Urte berri on, amona! (Telmo Esnal, 2011) emango dute, eta ikus-entzunezkoetan aritu diren euskal emakume aintzindariei ere erreparatuko diete saioaren aurretik.
Bide beretik jarraituz, aurtengo Berbaldiak genero ikuspegia izango du aztergai, eta Izibene Oñederra animaziogilea, Amara Mosteiro argazki zuzendaria eta irakaslea, Nahia Laka zinegilea, eta Eneko Sagardoy aktorea izango dira solasaldiko gonbidatuak. Saioa urriaren 22an, larunbata, egingo dute, 11:00etatik aurrera, Barandiaran kultur aretoan.
Azkenik, eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren Europa Transit enbaxadarekin elkarlanean, Pafosen (Zipre) errodatutako Mugaminak dokumentala eskainiko dute urriaren 15ean, jaialdia abiatu aurretik. Amets Arzallus bertsolaria da dokumentalaren gidaria; bertako poeta eta abeslariekin elkartu zen, bat bateko kantuaren tradizioa ezagutu eta exodoaren biktimekin zein desagertutako pertsonen senideekin egoteko. Xuban Intxaustik zuzendu du dokumentala.