Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko Autoedizio Txokoarekin eta FNACekin elkarlanean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteak Fanzineen Gerra izeneko lehiaketa antolatuko du berriro. Gehienez ere hamar taldek hartuko dute parte, eta urriaren 29tik azaroaren 4ra osatu beharko dute fanzinea, ondoren, ikusleek sariduna nor den hautatu dezaten.
Fanzineak jarraitzaile edo fanek egindako doako aldizkariak dira. Zinemaren historian oso ohikoak izan dira, baita Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Astean ere. Eta horregatik, aurtengo 27. edizioan, Fanzineen Gerra berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek. Horretarako, deialdia zabaldu dute, nahi duen orok, gutxienez bi laguneko taldeetan antolatuta, parte hartu ahal izan dezan.
Izena emateko epea urriaren 17ra arte izango da zabalik, eta interesatuek, guerrafanzines@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Gehienez ere 10 talde onartuko dituzte lehiaketan, beraz, azkar ibiltzea komeni da. Eta talde bakoitzak banakako bi akreditazio jasoko ditu doan, jaialdiaz gozatzeko.
Fanzinea urriaren 29tik azaroaren 4ra egin beharko da, hau da, Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Astean zehar, eta gehienez ere A-5 neurriko 8 orrialde izango ditu. Horiek baliabide propioekin egiteko aukera izango den arren, Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko Autoedizio Txokoa ere eskura izango dute parte hartzaileek, maketazioa eta gainerako lanak egin ahal izateko. Eta inprimatze-kostuak antolatzaileek beren gain hartuko dituzte.
Hala, talde bakoitzak bere ekoizpena antolatzaileei bidali beharko die aurretik zehaztutako egun eta orduan, eta ikusleek baloratu ahal izan ditzaten, antolatzaileek behar adina kopia inprimatuko dituzte. Ondoren, talde bakoitzak hamar minutuko aurkezpena egin beharko du Antzoki Zaharrean, ikusleen botoa eskatzeko.
Irabazleek 50 euroko hiru txartel jasoko dituzte FNACen gastatzeko.