Vital Fundazioaren ekimenez, Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea egingo dute urriaren 3tik 8ra Gasteizko Vital Fundazioaren aretoan. Emanaldiak 20:00etan izango dira egunero, erabat doan. Besteak beste, iaz Donostia Zinemaldian ikusgai izan ziren Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren Bila eta Pablo Iraburu eta Migeltxo Molinaren Walls eskainiko dituzte.
Euskal dokumentalak ikusarazteko asmoz, eta azken urteetako ekoizpen esanguratsuenetako batzuk gasteiztarrei eskaintzeko, Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea antolatu du Vital Fundazioak. Errefuxiatuen egoera, herrialdeen arteko hesiak, lehen euskal dokumentala, eta beste hainbat gai lantzen dituzten lanak dira, eta gehienak Donostia Zinemaldian, aurreko eta aurtengo edizioetan, izan dira ikusgai.
Emanaldiak 20:00etan izango dira, Vitar Fundazioaren aretoan (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua). Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte. Egitaraua:
- Astelehena, urriak 3: Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren Bila, 1965ean Hazparnen errodatu zuten euskarazko lehen dokumentalaren bilaketari buruzko lana.
- Asteartea, urriak 4: Pablo Iraburu eta Migeltxo Molinaren Walls. Hegoafrika eta Zimbabwe, Espainia eta Maroko, eta Mexiko eta AEB banatzen dituzten hesien inguruko errealitateak erakutsiko dituen lana.
- Asteazkena, urriak 5: Pablo Tosco eta Jorge Martínez Mayoralean District Zero, Zaatariko errefuxiatuen esparruan bizi den sakeleko telefonoak konpontzen dituen Maamun Al-Wadiren istoriotik abiatzen den lana.
- Osteguna, urriak 6: Pelota II, Jorgen Leth eta Olatz Gonzálezen dokumentala. Aurtengo Donostia Zinemaldian eskaini dute pelota kirolari eta horren ingurukoei buruzko lana.
- Ostirala, urriak 7: Bego Zubiaren Sagardoa Bidegile, euskal sagardotegien tradizioari buruzko dokumentala. Iazko Donostia Zinemaldian izan zen ikusgai.
- Larunbata, urriak 8: Mikel Ezkerroren Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera. 1963an Gorbeiako leize-zuloan egin zuten euskal jaiaren lehen edizioa ardatzu duen dokumentala.