Fantasia eta beldurrezko generoei eskainitako nazioarteko jaialdi ezaguna da urtero urri partean Sitgesen (Herrialde Katalanak) egiten dutena. Aurtengo 49. edizioa urriaren 7tik 16ra luzatuko da, eta dozenaka filmen artean, euskal zuzendariek eramandako hainbat proiektu ere izango dira ikusgai egitarau zabalean, hala nola, Haritz Zubillaga, Borja Cobeaga eta Asier Abioren lanak.

Borja Cobeaga donostiarraren En tu cabeza. Parte II: Milagros y Remedios film laburrak zabalduko du, Miguel Angel Vivas sevillarraren Inside filmarekin batera, Sitgesko 49. Zinema Fantasitkoaren Jaialdia. Inaugurazio gala urriaren 7an, ostirala, izango da, 19:30ean. Cobeagaren lan berrian Michelle Jenner, Hugo Silva, Fernando Tejero eta Rossy de Palma aktore ezagunek hartu dute parte, besteak beste, eta Lurraren iraunkortasuna hobetzeko 2016ra bidaiatuko duen Andrea gaztea du protagonista.

Eta hala, jaialdiari opari-papera kenduta, fantasiazko eta beldurrezko generoak lantzen dituzten dozenaka film labur eta luze ikusteko aukera izango da ondorengo egunetan. Jaialdiak hamar sail ditu, eta besteak beste, proposamen berritzaileak (Sección Noves Visions), klasikoak (Sitges Classics), animaziozkoak (Anima’t), beldurra muturrera eramaten dutenak (Midnight X-Treme) zein fantasiaren arauetatik kanpo kokatzen direnak (Panorama Fantàstic) ikusteko aukera eskaintzen dute, Sail Ofizialaz eta telesailez (Serial Sitges) gain.

Bada, ekoizpen horien guztien artean izango dira, baita ere, Haritz Zubillaga zinegile bilbotarraren eta Asier Abio mungiarraren lan berrienak ere. Lehenaren El ataúd de cristal luzea Sail Ofizialeko emanaldi berezietan eskainiko dute; 2007an (Las horas muertas) eta 2010ean (She’s Lost Control) aurkeztu zituen filmei esker, espainiar estatuko zinegile interesgarrienetakoen artean kokatu dute hainbat adituk.

Abioren Sputnik! dokumentala, ostera, Brigadoon atalean izango da ikusgai. Mungiarraren lanak, hain zuzen, “gerrilla” zinema deiturikoa egiten duten zinegileen lana du aztergai, Jacint Espuny gaztearen eta kuadrillarekin batera sortu duen Kutrefacto ekoizpen etxearen ikuspegiaren bidez.

Egitarau osoa eta film guztiak kontsultatzeko aukera duzue jaialdiaren webgunean.