Storks (Zikoinak)
Warner etxearen film berriak haurrek gurasoei maiz egiten dieten galdera du oinarrian: nondik datoz haurrak? Umeak sortzen dituen eta horiek banatzeaz arduratzen den zikoinen konpainia batean kokatu dute Doug Sweetland eta Nicholas Stollerrek Storks filmaren trama. Azken aldian, baina, Internet bidezko erosketak erosleen etxera eramaten hasi dira, paketeen banaketan negozio ederra dagoela ikusita. Baina ustekabean, haur zoragarri bat sortuko du makinak, eta arazoak eragin aurretik, familia batengana eramaten ahaleginduko dira Junior zikoina eta Tulip neskatila. Filma, gainera, euskaraz ikusteko aukera izango da Bilbo, Getxo, Donostia, Gasteiz, Barakaldo, Iruñea, Usurbil eta Errenterian, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez.
Sing Street
Irlandatik, ostera, musika eta nerabeak aztergai dituen John Carney zinegilearen lan berria datorkigu, Sing Street. Hamabost urteko Connor da filmeko protagonista. Eskolaz aldatuko da, eta bera baino zaharragoa den neska batekin maiteminduko da. Hura erakartzeko, musika talde bat duela esango dio, eta haien bideoklipean parte hartu nahi ote duen galdegingo dio. Neskaren onespena jasotakoan, taldea sortu beharko du Connorrek. 80ko hamarkadan girotutako komedia ederra, The Cure, Duran Duran, The Clash eta The Jam bezalako talde ezagunen musikaz jantzitakoa.
https://youtu.be/C_YqJ_aimkM
Miss Peregrine’s Home for Peculiar Children
Tim Burton bueltan da. Genero fantastikora itzuli da zinegile estatubatuarra bere ohiko estetika eta errekurtsoak erabiliz. Oraingoan, baina, gaitasun bereziak dituzten haurrak zaintzeaz arduratzen den Peregrine emakume bereziaren etxaldera eramango gaitu. Hamasei urteko Jacob gaztea bertara helduko da familian ezbehar bat izan ostean, eta bere aitona ere han izan zela jakingo du. Peregrinek laguntza eskatuko dio, bertako haurrak babesteko. Eta Jacobek berezitasun ezkutu bat duela jakingo du.
Elle
Cannesko Sail Ofizilean aurkeztu zuten Paul Verhoevenen thrillerra, eta Frantziaren ordezkaria izango da Oscar sarietan. Isabelle Huppert Michelle izeneko enpresari arrakastatsuaren azalean sartuko da. Software enpresa batean egiten du lan, eta gau batean, ustekabean, ezezagun bat bere etxean sartuko da eta bortxatu egingo du. Michellek mendeku hartzea erabakiko du orduan.
Vientos de La Habana
Félix Viscarretek La Habanan kokatutako thrillerra dakarkigu oraingoan. Conde polizia (Jorge Perugorría) da filmeko protagonista; Karina (Juana Acosta) dantzariarekin harreman gartsu bat abiatuko duen unean, Lisette Núñez (Mariam Hernández) irakaslearen heriotza ikertzeko enkargua jasoko du. Ikerketak aurrera egin ahala, bere institutua izandakoaren erretratua egingo du, bertako langilea baitzen Núñez, eta espero gabeko ezkutuko La Habana paraleloa ezagutzen hasiko da. Donostia Zinemaldian egin zuten filmaren estreinaldia.
La vache
Fatha nekazari aljeriarra Jacqueline behiarekin maiteminduta dago, eta harentzako dira bere mimo eta zaintza guztiak. Parisko Nekazaritza Azokara eraman nahiko du Jacqueline, eta horretarako, itsasontzi bat hartuko du Marsellara, bertatik, oinez, Parisera heltzeko asmoz. Mohamed Hamidiren komediak animalia hausnarkariaren eta gizonaren abentura kuriosoa pantailaratuko du.
El tiempo de los monstruos
Javier Cámara, Candela Peña, Carmen Machi, Julián López, Secun de la Rosa, Jorge Monje, Antonia San Juan eta Pepón Nieto aktore espainiar ezagunek hartu dute parte Félix Sabrosoren komedia berrian. Víctorrek (Javier Cámara), estrenatu gabeko dozenaka filmen ekoizleak, bere laguntzaile leialenak bilduko ditu hil ostean estreinatzeko asmoz osatu nahi duen filma errodatzeko. Elkarren artean oso ezberdinak badira ere, elkarrekin bizi beharko dute Víctorren luxuzko etxean.
Pelé: Birth of a Legend
Jeff eta Michael Zimbalist anaiek Edson Arantes do Nascimento Pelé futbolari brasildarrari buruzko biopica osatu dute. AEBetan iragan maiatzean estreinatu zen.
M.S. Dhoni: The Untold Story
Eta kirolari lotutako lanekin jarraituz, Indiako kirolari ezagunenetakoa den Mahendra Singh Dhoni kriket jokalariari buruzko filma aurkeztuko digu Neeraj Pandey zinegile indiarrak. Gaur egun Indiako Kriket Selekzioko kapitaina da.
Spain in a Day
Isabel Coixetek zuzendu du milaka espainiarren egunerokoa islatu nahi duen dokumental berezia. 2015eko urriaren 24an, eguneko une ezberdinak, ametsak, beldurrak eta sentipenak erakusten zituzten bideoak bidaltzeko eskatu zien zuzendari katalanak herritarrei; orotara 22.600 lan jaso zituen, eta 404 erabili ditu azken emaitza osatzeko, Spain in a Day. RTVE eta Mediaproren laguntzarekin ekoitzi du dokumentala, eta Donostia Zinemaldian estreinatu berri dute lana.
La reconquista
Denbora, galdutakoa eta berreskuratutakoa, oroitzen duguna eta ahaztutakoa, du hizpide Jonás Truebaren lan berriak. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu da Itsaso Arana, Francesco Carril, Aura Garrido, Candela Recio eta Pablo Hoyos protagonista dituen maitasun drama, eta nerabeak zirela elkarri egindako promesa batetik abiatutako istorioa du hizpide.
Juegos de familia
Carmen (Marta Belenguer) eta Andrés (Juanjo Puigcorbé) 60 urte inguruko senar-emazteak dira. Andres ez da zoriontsua; aitaginarrebaren jostailu-fabrikan egiten du lan, eta noiz jubilatu zain dago. Dagoeneko Carmenekiko interesa galdu du, eta horrek emakumea haserraraziko du. Etxetik joango da, beraz, eta une horretan, emazteak maitale bat duela jakingo du Andrések. Beraz, hura jarraitzen hasiko da, informazioa lortu eta Carmen birkonkistatzeko. Juanjo Moscardók zuzendu du komedia eta drama uztartzen dituen lana.