Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera jaialdiaren 39. edizioa urriaren 16tik 22ra egingo dute, eta deialdian jasotako 50 lanetatik 32 lehiatuko dira aurtengo edizioan. Horien artean 11 profesionalek egindakoak dira, eta 21 amateurrenak. Gainera, iaz 3.000 euroko Benito Ansola Beka jaso zuen Irati Canoren Leihoak lana primizian ikusteko aukera izango da.
Euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzea, batetik, eta euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea, bestetik, helburu dituen Euskal Zine Bilera jaialdiak prest du edizio berria. Data hilabete aurreratu dute aurtengoan, eta urriaren 16tik 22ra luzatuko da programa. Filmak bi kategoriatan banatuta lehiatuko dira: profesionalena eta amateurrena. Eta kategoria bakoitzean, filmaz gain, zuzendaritza, ekoizpena, gidoia eta argazkia saritzen dituzten diru-sari ederrak emango dituzte. Iaz, esaterako, Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics animaziozko lanak jaso zuen profesionalen saileko sari nagusia, eta Yago Mateo Velascoren Fishura filmak amateurren kategoriakoa.
Bada, aurtengoan, deialdira aurkeztu diren 50 lanetatik 32 lehiatuko dira sari potolo horiek eskuratzeko; 11 profesionalen kategorian, eta 21 amateurrenean. Gazte 22 Saria eta Antzar Morea saria berenganatzeko aukera ere izango dute.
Eta aurtengo epaimahaia zinemagintzarekin lotura duten ondorengo bost profesionalek osatuko dute: Asier Bilbao ekoizle durangarrak, Asier Hormaza aktore getxostarrak, Iñaki Billelabeitia EHUko Arte Ederretako irakasle mungiarrak, Tessa Andonegi aktore donostiarrak eta Sara Cozar aktore ordiziarrak.
Benito Ansola Bekaren emaitza
Lehian ariko diren filmez gain, iaz Benito Ansola Beka jaso zuen Irati Cano gaztearen Leihoak lana ere jaialdian estreinatuko dute. Lekeitioko Udalak eta Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen dute saria, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz.
Gainera, aurten aurrenekoz egin dute jaialdiko kartela hautatzeko lehiaketa, eta hamasei proposamen jaso dituzte. Irabazlearen izen-abizenak, kartela bera eta jaialdiaren programazioa Bilboko BBK aretoan egingo duten agerraldian emango dituzte aditzera aurrerago.
Azkenik, eta herri osoak jaialdiarekin bat egin dezan, denda eta ostatuak apaintzeko lehiaketa antolatu du Lekeitioko Udalak hirugarrenez. Deialdia zabalik da jada, eta emaitzak, urtero bezala, ikusgarriak izango dira ziur.