Euskaldunon Goya izeneko ikus-entzunezko erreportajea osatu dute Lara Madinabeitia eta Urtzi Urkizu Berriako kazetariek, Euskaldunon Egunkariaren bultzatzailea eta euskarazko animazioaren aitzindarietako bat izan zen Luis Goya lezotarraren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira. Bihar, irailak 29, Errenteriako Mikelazulon izango da ikusgai lana, 20:00etan.
Berria Telebistak Luis Goya zinema ekoizle eta zuzendariari buruzko 30 minutuko bideo-erreportajea osatu du, eta iragan irailaren 23an Lezoko Gezala aretoan estreinatu zuten lana, betetako aretoan, Goyaren sorterrian. Hain zuzen, iragan irailaren 26an hamar urte bete ziren Goya hil zenetik, eta Euskaldunon Egunkariaren bultzatzaileetako bat izandakoari omenaldia egiteko lana da Madinabeitia eta Urkizuk osatutakoa.
Izan ere, Juanba Berasategiren laguntzarekin, animazioaren munduan hasi zen Goya 70eko hamarkadan Jaizkibel ekoizpen etxean. Fernando Amezketarra izan zen bere lehen animaziozko film laburra, Berriak berriki Sarean ikusgai jarri duena. Baliabide ekonomiko gutxirekin eta ahal zuten bezala atera zuten aurrera egitasmoa; Goyak garai zailak igarotzen ari zen enpresa utzi zuen orduan, eta abentura berrian murgildu zen.
Gerora etorri ziren Kalabaza tripontzia (1985) euskarazko animaziozko lehen filma, eta Bernardo Atxagaren ipuin batean oinarritutako Lau astakiloren abenturak eta kalenturak (1988). Hala, zinemaren munduan jauzi garrantzitsua egin, eta animaziotik fikziora igaro zen Goya Koldo Izagirreren Trenbideko Filmak ekoizpen etxean. Berak ekoitzi zuen 1989an Donostia Zinemaldian lehiatu zen euskarazko lehen filma, Ke arteko egunak (Antzon Ezeiza), eta Donostia Saria eskuratu zuen lanak.
Baina zinemaz gain, herrigintzan ere aritu zen Goya, eta 1990an Euskaldunon Egunkariaren sorreran hartu zuen parte, hedabidea sustatzeko iragarkiak Koldo Izagirrerekin batera ekoitzita. 2003ko otsailean Egunkaria itxi zutenean ere, Goya hamar atxilotuen artean zen. Handik hiru urtera, Pablo Maloren La sombra de nadie (2003) filma amaitu ostean, bihotzekoa izan zuen, eta egun gutxira hil zen.
Emanaldia Errenterian
Zinegilearen ibilbidea errepasatzen duen erreportajea bihar, irailak 29, emango dute Errenteriako Mikelazulo elkartean, 20:00etan. Animatu!