Abian da 4. Santurzine jaialdia. Santurtziko Film Laburren Jaialdia da, eta irailaren 23tik urriaren 15era luzatuko da aurtengoan. Taberna, saltoki eta eskoletan egingo dituzte emanaldiak, eta 20tik gora film labur eta lau lan luze eskainiko dituzte zuzeneko musikaz eta bakarrizketaz lagunduta.

santurzine-zinea-eus-02Iragan irailaren 23an Harold tabarnan egindako film laburren saioarekin abiatu zuten 4. Santurzine jaialdia. 22:00etatik aurrera, zazpi film labur eskaini zituzten, lau bertakoak, eta beste hiru estatu mailakoak. Datozen hiru ostiralak ere Estatuko eta Santurtziko sailei eskainitako film laburrentzat izango dira, eta irailaren 30ean (Travel Corner-en), urriaren 7an (Sound Plac-en) eta urriaren 14an (Caffe Music-en) ere dozenatik gora lan eskainiko dituzte sail bakoitzean, hala nola, Angel Gomezen Behind, Javier Marcoren Classmate, Amaia Ruizen Latin Queen, Rubén Sierraren ¿Comerás huevos?, eta Aritz ETren Milk.

Larunbatak, aldiz, Saregabe saileko filmentzat izango dira. Café Miramarren urriaren 1ean eta The Wagonen urriaren 8an, 20:00etatik aurrera, proiekzioak, monologoak eta kontzertuak egingo dituzte beraz. Egutegia kontsultatzeko aukera duzue hemen.

Luzeentzako tartea

Baina lan laburrei eskainitako jaialdiak tarte bat egingo die film luzeei ere, eta lau euskal ekoizpen arrakastatsu izango dira ikusgai igande eta ostegunetan. Ondorengoa da egutegi zehatza:

  • Igandea, urriak 2: Mikel Ruedaren A escondidas Kresala aretoan, 18:30ean. Zuzendaria bera ere saioan izango da.
  • Osteguna, urriak 6: Pedro Olearen Akelarre Kresala aretoan, 17:00etan eta 19:00etan. Zuzendaria ere bertan izango da.
  • Igandea, urriak 9: Fran Longoriaren Baile en el sindicato filmaren estreinaldia Oriol Jauregian 18:30ean. Zuzendaria eta aktore taldea zein talde teknikoa bertan izango dira.
  • Osteguna, urriak 13: Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín Serantes Kultur Aretoan, 18:00etan eta 20:30ean. Zuzendaria eta taldeko hainbat lagun bertan izango dira.