Nick Cave: One More Time with Feeling

nick-cave-zinea-eus-cliff-de-hory-02

Nick Caveren azken filma bestelakoa da oso. Eta bestela estreinatu da nazioartean agerian utziz, teknologiari esker, edozein film estreina daitekeela aretoetan gaur egun. One More Time with Feeling hiru dimentsiotan (Bilbon, zoritxarrez, ez genuen halako plazerik izan) eta zuri-beltzean filmatua, dokumental sotil, dotore eta zuzenekoa da. Zartako bat bezain zuzenekoa. Izan ere, tragediatik sortu zen. Australiarrak Arthur semearen heriotza gertatu aurretik sortu zituen Skeleton Tree diskoaren kantak… baina ezbeharra jazo baino geroago grabatu zituen estudioan. Grabaketaren eta momentu haien ikus-entzunezko dokumentu paregabea da Andrew Dominiken filma.

Zuzendaria urrutitik hurbiltzen da gaira; lehendabizi, Caveren irudi arruntak-edo erakutsiz abangoardia-itxurako prologo harrigarri baten bidez. Alabaina, berehala Warren Ellis elkarrizketatzen du —Caveren egungo kolaboratzaile eta adiskide hurbilena— eta hark gertaeraz (“the event”) berba egitea errefusatzen du. Horrela ematen zaio filmari hasiera.

nick-cave-zinea-eus-cliff-de-hory-03

“Gehienok ez dugu benetan aldatu nahi. Jatorrizko modeloaren modifikazio leunak nahi ditugu. Ez dugu aldaketarik nahi. Pertsona berbera izan nahi dugu, moldaketa txiki batzuekin. Hala ere, egun batetik bestera, ispilu aurrean, neure azalaren barruan beste pertsona bat zegoela deskubritu dut. Aldatu egin naiz, eta pertsona ezaguna zena pertsona ezezagun bat bihurtu da”.  Filmeko pasarte bateko Caveren hitzak dira hauek. Eta egia hutsa ere bai! Izan ere, abestiak idatzi zituena eta pelikulan abesten dituena ez dira pertsona bera.

Zeelanda Berriko zinegileak ekarri berri dudan bezalako hausnarketa gordin latzak tartekatzen ditu filmean zehar, eta hala, bestelako esanahi aberatsez hornitzen ditu ikusten ari garen irudiak. Esanguratsua da, bestalde, ezbeharra ez dela izen-abizenekin inoiz aipatzen harik eta filmaren lehenengo 60 minutuak igaro arte, orduantxe ahoskatzen baita lehenengo biderrez Arthur semearen izena. Hortaz, film osoan presente egon arren, beti absente egongo da semea, egiazko bizitzan gertatzen den bezalaxe eta  Nickek berak —oinazez eta arranguraz— beste pasarte batean aitortzen duen legetxez. Agerian dago Dominikek, kontzienteki, absentzia/presentzia hori baliatu duela dokumental osoan, baita emaitza bikainak lortu ere.

Dominiken planteamendua, itxuraz, nahiko tradizionala da: diskoko zortzi abestien estudioko grabaketek osatzen dute pelikula egituratzeko zutabea. Aitzitik, hemen ere igartzen da Dominikek badakiela zertaz ari den, momentu batetik aurrera dokumentalaren haria Susie Bick emaztearen aldera ere lerratzen baita, bera eta Earl bikia estudioan agertzen direnean.

nick-cave-zinea-eus-cliff-de-hory-04

Errealizazioari dagokionez, Dominiken lana biziki erakargarria da. Eta dotorea. Abestiak filmatzean denbora-jauziak eta travelling zirkularrak maisuki erabiltzen baititu, zuri-beltzezko fotografia lerden batean ezbehar latz baten ondorio den pelikula hau harrapatuz.

Laburbilduz, film zoragarria, ederra, Cavezaleentzat ezinbestekoa, non Nick Cave eta haren familia biluzi egiten diren (ez guztiz, drogen kontua erabat absente izango baita pelikula osoan) eta gomendagarria, bereziki, guraso bazara. Behean aurkituko duzuen Jesus Alone kantaren bideokliparekin uzten zaituztet. Bertan atmosfera hits eta sorgorgarri batez gain, filmean agertzen eta tratatzen den abestien balizko izaera profetikoa aurkitu ahal izango duzue seguruenik, Ellisek sintetizadoreari soinu atmosferikoak ateratzen dizkion bitartean, jakina.