Zabalik da Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren 27. Asteko gazte epaimahaian izena emateko epea. Hemezortzi eta 30 urte arteko lagunei zuzendutako deialdia da, eta izena ematen duten guztien artean 150 leku zozkatuko dituzte antolatzaileek. Epea urriaren 13an itxiko dute.

fantasiazko-beldurrezko-zinemaren-astea-gazte-epaimahaia-zinea-eus

Aurtengoan urriaren 29tik azaroaren 4ra egingo dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta azken asteetan bertan ikusgai izango diren hainbat izenburu aurreratu dituzte, hala nola, Rob Zombieren 31 estatubatuarra, Haritz Zubillaga euskaldunaren El ataúd de cristal, André Ovredal britainiarraren The Autopsy of Jane Doe, Koji Shiraishi japoniarraren Sadako vs Kayako, eta Yeon Sang-horen Train to Busan hegokorearra. Aurreratutako film guztien zerrenda hemen kontsulta dezakezue.

Bada, beldurrezko eta fantasiazko film laburren balorazioa egingo duen gazte epaimahaia osatzeko deialdia zabaldu dute beste behin ere. Urriaren 13ra arteko epea dute hemezortzi eta 30 urte arteko gazteek izena emateko (Donostian erroldatutako lagunek lehentasuna izango dute).

Zozketa urriaren 17an egingo dute, eta epaimahaikideen izenak ezagutzera eman ostean, aukeratuek urriaren 21era arteko epea izango dute plaza konfirmatzeko. Baiezkoa ematen dutenek, urriaren 28an Antzoki Zaharrean egingo duten film laburren emanaldi trinkora joan beharko dute, eta amaieran beren iritzia eman.