Zinema eta kultura latinoa ardatz dituen Miarritzeko jaialdiak 25. urteurrena du aurtengoa, eta beste behin ere, musikaz eta emanaldiz beteriko egitaraua prestatu dute. Jaialdia gaur, irailak 26, hasiko da Pablo Larraín txiletarraren Neruda filmaren emanaldiarekin, eta urriaren 2ra, igandea, arte luzatuko da.

latino-amerika-festibala-biarritz-zinea-eus

Urteko ekoizpen latino indartsuenak lehiatuko dira egunotan Miarritzeko Latinoamerikako Zinema eta Kulturaren Jaialdia. Hala, Donostia Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia ex-aequo jaso duen Emiliano Torres zinegilearen El Invierno eta Perlak sailean aurkeztu duten Pablo Larraínen Neruda lanak, besteak beste, film luzeen lehian izango dira beste zortzi proposamenekin batera, hala nola, Daniel Burman argentinarraren El Rey del Once, Venezuela eta Kolonbia artean ekoitzitako Rober Calzadillaren El amparo, Alejandro Jodorowsky txiletarraren Poesía sin fin eta Federico Godfrid argentinarraren Pinamar.

Baina sail lehiakorra ez da film luzeetara soilik mugatuko, dokumentalek eta film laburrek ere izango duten euren tartea. Esaterako, dokumentalen atalean Maite Alberdi eta Giedré Zickytéren Yo no soy de aquí (nazioartean hainbat sari jasotako lana) eta Beth Formaggini brasildarraren Uma familia ilustre izango dira ikusgai, eta beste hamar lan film laburren atalean, Juan Barreda mexikarraren Celebración eta Emilio Diaz Pascual txiletarraren No hay muerto malo, esaterako.

Sari banaketa ekitaldia larunbatean, urriak 1, egingo dute 20:00etan Gare du Midi antzokian, eta Sebastián Lelio txiletarraren Gloria eskainiko dute ostean. Eta lehiaz kanpo ere beste dozenaka lan ikusteko aukera izango da egunotan Biarritzen. Egitarau osoa eskuragai dago jaialdiaren atarian.