Bart gauean Donostiako Kursaal auditorioan egin duten sari-banaketa ekitaldian banatu dituzte 64. Donostia Zinemaldiko sariak, eta Xiaogang Feng txinatarraren I am not Madame Bovary lanak jaso du Urrezko Maskorra. Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra ere film berean aritutako Fan Bingbing aktorearentzat izan da, eta Gizonezko Aktore Onenarena Eduard Fernandez espainiarrarentzat, El hombre de las mil caras filmean egindako lanagatik.

image

Aurtengo edizioan hamazazpi film lehiatu dira Urrezko Maskor preziatua eskuratzeko. Tartean, Emmanuelle Bercoten La fille de Brest eta Bertrand Bonelloren Nocturama. Baina sari nagusia Txinatik heldu zaigun I am not Madame Bovary komedia beltzarentzat izan da. Xiaogang Feng zuzendariak Txinako sistema burokratikoa aztergai duen lana aurkeztu du, eta bertan egindako lanagatik jaso du Fan Bingbing aktore hegokorearrak Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra. Oso emozionatuta igo da taula gainera.

Aurtengo epaimahaia Bille August zinegile daniarrak (presidentea), Anahí Berneri zuzendari argentinarrak, Esther García ekoizle espainiarrak, Jia Zhang-ke zuzendari txinatarrak, Bina Daigeler alemaniar jantziteri-diseinatzaileak, Matthew Libatique argazki zuzendari estatubatuarrak, eta Nadia Turincev ekoizle errusiarrak osatu dute.

Jaialdiko palmaresa:

  • Film Onenaren Urrezko Maskorra: I am not Madame Bovary (Xiaogang Feng)
  • Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra: Hong Sangsoo (Yourself and yours)
  • Epaimahaiaren Sari Berezia (ex-aequo): El invierno (Emiliano Torres) eta Jätten (Johannes Nyholm).
  • Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: Fan Bingbing (I am not Madame Bovary)
  • Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: Eduard Fernandez (El hombre de las mil caras)
  • Gidoi Onenaren Epaimahaiaren saria: Isabel Peña eta Rodrigo Sorogoyen (Que Dios nos perdone)
  • Argazki onenaren Epaimahaiaren saria: Ramiro Civita (El invierno)
  • Kutxabank Zuzendari Berriak saria: Park (Sofia Exarchou)
  • Kutxabank Zuzendari Berriak aipamen berezia: Compte tes Blessures (Morgan Simon)
  • Horizontes saria: Rara (Pepa San Martín)
  • Horizontes aipamen berezia: Alba (Ana Cristina Barragán)
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: Eat that question: Frank Zappa in his own words (Thorsten Schüte)
  • Zabaltegi-Tabakalera aipamen berezia: Un disco resplandece (Chema García Ibarra)

Gainerako sariak ezagutzeko, sartu hemen.