Eta heldu da Zurriolako Butakaren zortzigarren eta azken saioa! Zinemaldian zehar Berriak, Hamaika Telebistak, Irutxuloko Hitzak, Gaztezulok eta Zinea.eus atariko lagunok egin dugun telebista programara hurbildutako azken gonbidatuak Izaskun Arandia (H)emen her(e) elkarteko zuzendaria eta Urtzi Urkizu saioaren zuzendaria eta kazetaria izan dira.

Arandiak, lehenik eta behin, ikus-entzunezko sektorean diharduten euskal emakumeen egoerari buruz hitz egin du. Izan ere, aurtengo martxoan emakume profesionalen ikusgarritasuna sustatzen lagundu duen datu-basea jarri zuten martxan online. Eta horrez gain, lantaldearen %75 inguru andrazkoek osatzen duten Night Shift film laburra errodatuko du datorren astean.

Segidan, Zinea.eus atariko lagunok Eneko Sagardoy aktoreari egindako elkarrizketa eskaini dute. Jon Garaño eta Aitor Arregiren Aundiya film berriko protagonistetako bat da, eta bere ibilbideaz zein eskuartean dituen lanez mintzatu zaigu.

Azkenik, Urtzi Urkizu Berriako kazetaria elkarrizketatu du Inaxio Esnaola aurkezleak. Euskaldunon Goya izeneko erreportajea aurkeztu du, ekoizlearen heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira osatutakoa.