Gaur gauean, 21:00etik aurrera, Kursaal aretoan egingo duten 64. Donostia Zinemaldiaren sari-banaketa ekitaldiaren aurretik, bertan banatuko dituzten hainbat sariren irabazleak aditzera eman dituzte, tartean, Euskal Zinemaren Irizar sariarena. Bada, aurtengoan, garaikurra Juan Palaciosek eskuratuko du, euskal kostaldetik eta pedaló baten gainean hiru lagunek egindako bidaiari buruzko Pedaló dokumentalari esker (Aritz Sorzabalek egindako kritika).
Horrez gain, ikuslearen saria Ken Loachen I, Daniel Blake drama gogorrak jaso du (Maialen Goñiren balorazioa). Erresuma Batuko labirinto burokratikoan harrapatuta egongo diren Daniel eta Rachel dira filmeko protagonistak, eta Cannesen Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak.
Europar Film Onenaren saria, bestetik, Claude Barrasen animaziozko lanarentzat izan da, Ma vie de Courgette (kritika). Stop motion teknika erabilita, ama nahi gabe hil eta bakarrik geratu ostean, umezurztegi batera eramango duten hamar urteko Courgette mutikoaren istorio hunkigarria kontatuko du film frantziarrak.
Gazteriaren Eroski saria, azkenik, Maysaloun Hamouden Bar Bahar (In Between) filmarentzat izan da. Salma, Laila eta Nur palestinar gazteek Tel Aviven (Israel) egokitzeko egingo dituzten ahaleginak ditu hizpide Israelen eta Frantziaren artean ekoitzitako lanak.
https://youtu.be/Avyq3E8DY3Y